Konponbiderik gabeko desoreka?
Gehiegitan salatu dugu Ordizian eskolen artean pairatzen dugun desoreka. Askotan eskatu diogu Jaurlaritzari neurriak har ditzala egoera bideratzeko. Baina Hezkuntza Saileko arduradunek tematuak dirudite desoreka betikotzearekin.
Ordiziako herritarren bostetik batek jatorria atzerrian du. Edonola ere, familia hauetako haurren proportzioa nabarmen handiagoa da. Haurrik txikienen artean, bostetik biren familiek atzerrian dute jatorria. Eta nekatzeraino azaldu dugun bezala, gehienek Eskola Publikoan ikasten dute; jatorria atzerrian duten familietako lau haurretatik hiruk, alegia. Jatorria Euskal Herrian duten familietako hiru haurretatik bat besterik ez dago, ordea, Eskola Publikoan.
Desoreka are handiagoa da familien euskara ezagutzari dagokionez; euskara ezer ez edo gutxi dakiten lau familiatatik hiru eskola publikoan daude.
Era berean, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten ia familia guztietako haurrak Eskola Publikoan daude.
Edonork ondoriozta dezake desoreka honek elkarbizitzan, berdintasunean, justizia sozialean, herriko inklusioan edota euskalduntzean duen eragina eta sortzen dituen tentsio, arazo eta zailtasunak.
Urtez urte handitzen doazen zenbaki eta proportzioak dira hauek. Azken zortzi urtean bost aldiz biderkatu da desoreka.
Eusko Jaurlaritzari behin eta berriro eskatu dizkiogu egoera bideratu eta orekatzeko neurriak, baina errealitateak okerrera egin du.
Ustez desorekei aurre egiteko Hezkuntza Sailak sortu duen zaurgarritasun indizeak apenas aldatu du egoera. Indize hori Eskola Publikoari ikasleak kentzeko besterik ez da erabili, nahiz eta Eskola Publikoan eskola-plazak libre izan. Desorekan apenas izan du eraginik.
Jaurlaritzak aurten ezarri duen zaurgarritasun indizea %11,63koa izan da; datu objektiboek adierazten dutena baino lau aldiz txikiagoa. Eskola Publikoaren indizea, %14,29.
Iaz kexu ginen herrirako %34,74ko “zaurgarritasun indizeak” eta Eskola Publikorako %41,30eko indizeak ez zuelako gure errealitatea islatzen, eta aurten hau? Eta inolako mugimendu eta aldaketarik ez matrikulazioan? Inolako pausurik ez desoreka bideratzeko?
Ordiziak herriko ikastetxeak orekara eramango dituen interbentzio plan berezi bat behar du. Ikastetxeak urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango dion plana. Arartekoak azken bost urtean behin eta berriro aipatzen duen moduan, familien ikastetxea aukeratzeko askatasuna kontuan hartuz, baina herriko orekaren gainetik jarri gabe.
Herriko elkarbizitzak, berdintasunak, justizia sozialak, inklusioak eta euskalduntzeak merezi dute. Horretarako prest dauden politikariak eta gobernua behar ditugu.