Lazkaoko udal aurrekontuen inguruan
Mila Madrazo, Inazio Estensoro, Ane Irastortza, Felix Urkola eta Patxi Albisu. Lazkaoko EAJ-PNVko zinegotziak.
Gastu gehiago, eztabaida gutxiago eta plangintza ekonomikorik ez. Horiek izan dira Bilduren aurrekontuen aurka egiteko arrazoiak Lazkaon.
Lazkaoko EAJ-PNVko zinegotziok ez gaude ados 2014rako onartu diren udal aurrekontuekin. Ez gaude ados edukiekin eta ezta aurrera ateratzeko erarekin ere. Abenduaren 26an Osoko Bilkuran onartu zen aurrekontua Bilduren aldeko botoekin. Ezezkoa eman genion, Bilduk ez duelako eztabaidarako borondaterik erakutsi, gastu arruntek gora egin dutelako eta plan ekonomikorik ez delako planteatzen.
Aurrekontuak lantzeko Udalean gauden alderdi desberdinen arteko komunikazio eza salatzen dugu. Bilduk abenduaren 17an deitu zuen batzordera lehenengoz eta 23an bigarrenez. Dokumentua abenduaren 26an eraman zen Osoko Bilkurara onarpena bozkatzeko.
EAJ-PNVtik gogoratu nahi dugu azken legealdietan uda ostean hasten zela aurrekontuen inguruko eztabaida. Asteak irauten zuen desberdinen arteko ideia eta proposamenen eztabaidak. Bilduk, parte-hartze eta komunikazio batzordea izanda, ehunka lazkaotarren ordezkariei ateak itxi dizkie gustukoak ez dituelako. Horrek zalantzan jartzen du, gure ustez, Bilduren parte-hartzearen aldeko borondatea.
Aurka egiteko bigarren arrazoia gastu arruntaren gorakada da. Hainbat gastu arrunt sortu edota igo dira. Arazoa gero izango da, sarrerak gutxitzen ari direlako eta gastu horiek mantentzea zaila izango delako. Honek esan nahi du sarrera eta gastuen arteko desoreka sortuko dela eta ondoko urteetako aurrekontuak hipoteka daitezkeela. Guretzat pentsaezina da gastu arruntak ordaintzeko kreditua eskatu beharrean gertatzea. Onartu diren aurrekontuak ikusita, ordea, gerta daitekeela uste dugu.
Azkenik, Errenteria bezalako udalen eredua aintzat hartzeko eskatzen diogu Bilduri. Bilduk gobernatzen du han eta alderdi desberdinen artean behin-behineko plan bat landu dute merkatariei eta autonomoei laguntzeko. Lazkaon legealdi hasieratik behin eta berriz eskatu dugu era honetako neurriak hartzeko. Eta Bilduk eman beharko luke hurrengo pausoa ahalik eta azkarren.