'Martin Pipas'-ek jaso ditu Olentzerorentzako gutunak
Legazpiko Haztegi ikastolako haurrek idatzitako gutunak eman dizkie
Gaur arratsaldean Legazpiko Haztegi ikastolakoak Gabonei ongietorria eman die. Gabon kanta ezagunak kantatu dituzte, eta ondoren, Martin Pipas artzainari eman dizkiote Olentzerori zuzendutako gutunak. Modu honetan eman diote aurtengo ikasturteari amaiera, eta datorren urtera arte agurtu dute elkar.
Martin Pipas
Martin Pipas artzainaren historia ere kontatu dute. “Aizkorriko larreetan bizi da Martin Pipas artzaina. Bertan, etxolan bizi da, eta urteko hilabete asko ematen ditu. Ardiak ditu, eta gazta egiten du. Beti piparekin ikusi ohi zaio, eta horregatik bere izengoitia. Behin, gazta egiten ari zela, izugarrizko logurea sartu zitzaion. Hala ere, bere lanak amaitu nahi zituen oheko maindire artean galdu baino lehen. Esna mantentzen saiatu zen arren, lo hartu zuen. Goizean, esnatu zenean, bere pipa piztera joan zen, baina han ez zegoen piparen arrastorik. Bilatzen saiatu zen arren, ez zuen aurkitu. Egunak pasata, Ordiziako ferira joan zen gazta saltzea, eta bere gazta Iruñeko emakume batek erosi zuen beste askoren artean. Astebete geroago, berriz ere emakume bera bueltatu zen, eta Martin Pipasek hala esan omen zion: “hainbeste gustatu eta beste gazta baten bila zatoz?”. Emakumeak baiezkoa esan, eta azaldu omen zion ez zekiela gaztak sorpresa zuenik. Poliki, zapi batean inguratuta, gazta barruan aurkitutako pipa erakutsi zion Martin Pipasi”.
Hemen arratsaldeko argazki galeria: