Nazioarteko Langile egunaren harira
Irati Aldaz (Ernai Goierri).
Gazteon langabezi tasa %57,22koa da Espainiar Estatuan. %57,22! Lanean ari direnek, aldiz, lan baldintza kaxkarrak jasaten dituzte. Gu izango omen gara aurreko belaunaldiak baina okerrago biziko den belaunaldi bakarretakoa. Datuek, bederen, etorkizun beltza aurreikusarazten dute. Etorkizun eta orain mingotsa: etxebizitzak jenderik gabe eta jendea etxebizitzarik gabe, gu banketxeen zorra ordaintzen eta banketxeak gu kaleratzen, guri BEZaren bitartez zergak igo eta aberatsek beren dirua paradisu fiskaletan, langileak musu truk kaleratzeko lan erreforma, patronala are gehiago aberastuz, guri sekulako murrizketa egin eta AHTari dirua aurreratu, erretiroa 67 urtetik gora luzatzeko proposamena, Kutxako buruak (Xabier Iturbe, EAJ/PNV) egunean 1.000 eurotik gorako soldata izan eta gizarte ekintza %60a murriztu… Hau ez da krisia, kapitalismoaren legea baizik: aberatsak aberatsago eta txiroak txiroago. %99a %1aren morroi.
Iñigo Urkulluk orain gutxi aurkeztutako aurrekontu antisozialek ere merezi dute aipamen bat, multinazionalen eta banketxeen zerbitzura dagoen Europar Batasuna eta Espainiar Gobernuarekiko guztiz aurrekontu otzanak izaki. Hori defizitaren aferak islatzen du. 2011n multinazional eta enpresa handien aginduetara (merkatu eufemismopean) era antidemokratikoan Espainiar Konstituzioa aldatu ondotik, Osasungintza, Hezkuntza eta gainerako gastu sozialei beharrean zorra ordaintzeari (gehienbat pribatua dena, hots, enpresa handi eta multinazional horiexena) ematen zaio lehentasun osoa.
Zor horren izenean egin ditu Urkulluk 711 milioi euroko murrizketak gizarte politiketan, politika ekonomiko horien eraginkortasunik eza aspaldian agerian geratu denean. Izan ere, arazoa argia da: sektore pribatua geldituta dago eskaririk ez dagoela medio. Orduan, nola izango dira ba eraginkorrak politika horiek jendea txirotuz eskaria are gehiago murriztuko denean? Krisian sakondu besterik ez dugu egingo era horretan. Horrez gain, bestelako zerga politika bat martxan jartzea ezinbestekoa izango da Gobernuak baliabide gehiago izan ditzan. Ez ahaztu: EAEko herritarren %5a BPGren ia erdiaren jabe da!
Horretarako, botere finantzarioari (Iberdrola edota BBVA tartean) hortzak erakutsi beharko zaizkio: zor inperialista hori ordaintzeari uko eginez, hots, zorpetze handiagoa baliatuz ekonomia berpizteko politikak martxan jartzeko edota banketxe eta enpresa handien gaineko zerga bereziak ezarriz. Egun, ordea, horretarako oztopo andana ditugu. Tartean, espainiar eta frantziar Estatuekiko dugun mendekotasuna. Izan ere, miseriara kondenatu nahi gaituzten banketxe zein multinazional horiei ganoraz aurre egiteko baliabideak independentziak soilik eskainiko dizkigu. Hortaz, egun independentzia ez da nahi bat, ezinbesteko behar bat baizik.
Guk ez dugu nahi independentzia formalik; guk erabateko burujabetza nahi dugu herriaren beharren araberako politika sozioekonomikoak gauza ditzagun. Botere finantzarioaren morroi izateari utziko dion Euskal Herri askea eraiki beharko dugu bide horretan: Euskal Estatu Sozialista. Zizekek esan bezala ameskeria ez baita sistemaren erroko aldaketa, sistemaren barnean Ongizate Estatu bat izan dezakegula uste izatea baizik. Erroko aldaketa hori burutzeko lehen urratsa, independentzia.
Horren peskizan, Langile Egunaren harira gaur Goierrin egingo den manifestazioarekin bat egiten dugu, gaur borrokatu ezean, bihar negar egitea alferrekoa izango baita!