Zaldibian Herrigintzan, San Joan bezperakoaz
Joan den ekainaren 23an, San Joan bezperaz, alamartxoari su ematen zaio Zaldibiako plazan. Euskaldunen garai bateko ohitura zaharrari eutsi zaio belaunaldiz belaunaldi, biziberritzeko garaia dela eta, nolabait irudikatzen duguna da, neguko gau eta egun ilunak atzean utzi eta egun eguzkitsuei eman bide, aurreko gauza txar guztiak sutan erre eta aurrera egiteko indarrak hartzea.
Festa polita egiten da herriko plazan, nahi duenak bertan afari mokadua egin eta dantza eta kantu negutik uda parterako pasadizoa ospatzeko. Aurten, ordea, giroa bikaina bazen ere, momentu batean hautsi egin zen armonia hori guztia. Alamartxoari su eman ondoren egin ziren diskurtso eta antzerki moduko parodiekin. Askatasun eskubideaz baliatuz, han elkartuta zegoen jende askorentzat iraingarri izan ziren esandako hitzak eta egindako antzerki saioak.
Elkarbizitzaren gainean Zaldibian Herrigintzan udal taldeak antolatu zuen hitzaldi-zikloaren garaian esan genuen bezala, elkarbizitzan hitz egiten hasteko garaia da, hemendik aurrera eman behar ditugun urratsen gaineko hausnarketa egiteko garaia, herria osatzen dugun guztiek etorkizunari heltzeko tresnatzat hartu behar dugu elkar errespetua, denentzako baitago tokia, denentzako egon behar baitu tokia.
Bestalde, udalak berak, antolatutako elkarbizitzari buruzko ekimenean landu da atzerritik etorritako zaldibitarren integrazioa, baina hori lortzeko zaldibiarron integrazioa ezinbestekoa dela deritzogu, eta adierazpen askatasuna baliatuz onartezinak dira besteen iritziak, sentipenak eta abar iraintzea.
Gure inguruko jendeak mugatzen du norberaren askatasuna. Gainerako jendea kaltetzen ez dugun bitartean, edozer egiteko askatasuna dugu, hori da pertsona batek duen benetako askatasuna. Ingurukoak kaltetzen ditugun momentuan bukatzen da gure askatasuna, edozer egiteko askatasuna.
Zaldibian Herrigintzan udal taldeak kexa bat baino gehiago jaso duenez gertatutakoaren inguruan, agiri hau ateratzea erabaki dugu, herritarrek ere hausnarketa egin dezaten, eta festa horren antolatzaileek eta udalak ere neurriak har ditzaten eskatzen dugu, horrelakorik edo antzekorik gerta ez dadin berriro ere.
Zaldibian Herrigintzan udal taldea. Zaldibia