Bernoako galtzadan barrena
Ostadar MT-ak txangoa antolatu du datorren martxoaren 10erako, iganderako, Bernoako galtzadan ibiliz Iturmendi herri nafarra Ataunekin elkartuz. Bernoako galtzada (Berrenoa) Erdi Arokoa da eta XIX. mendera arte erabilia izan zen bi noranzkoetan mandazainek salgaiak eramatearren; kontrabandistek ere erabiltzen zuten galtzada hau eta eta Donejakue bideko parte ere izatera iritsi zen.
Neurri handi batean pista eta errepide modernoagoen azpian desagertu bada ere, duela urte batzuetatik hona boluntario talde batzuk lanean ari dira, galtzada denok goza dezagun.
Txangoa ez da oso luzea, beraz, Argonitz eta Intxusbururen tontorretara igotzeko aprobetxatuko dugu.
Informazio gehiagorako edo izena emateko, pasa Ostadar elkartetik (zabalik astearte, ostegun eta ostiraletan Zelai Aristi Kultur Etxean, 20:00etatik 21:00etara), edo deitu 943723385 telefonora (ordu berean) edo e-posta bidez helbide honetara (ostadar@ostadar.org) mezu bat bidali.