EUSKO JAURLARITZAK % 60 HANDITU DITU MERKATARITZARAKO DIRU-LAGUNTZAK 2014AN
- Aurten, 9.375.515 € bideratuko dira sektorearen lehiakortasuna eta jarduera hobetzeko, eta hamar laguntza-ildo abiaraziko dira. Horien artean, negozio-eredu berriak babestea, enpresa-transmisioa eta +DIGITAL@. - Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak, Merkataritzako zuzendari Jon Zaratek eta Ikusmer Merkataritzaren Behategiko Itziar Ruizek 2014-2016 aldirako Euskal Merkataritza Planaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte gaur Donostian. Planak hiru ardatz nagusi ditu: • Txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea. • Merkataritza-jarduera bultzatzea. • Erakundeen eta kudeaketaren esparruak optimizatzea. 2014rako merkataritzarako laguntzak areagotu egin dira, eta laguntzok estrategia honen barruan sartu dira. Eusko Jaurlaritzak 9.375.515 € bideratuko ditu aurten –iaz 5.829.259 € bideratu zituen– merkataritza sektorearen-lehiakortasuna eta jarduera hobetzeko. Hortaz, % 60,1eko igoera izan da, 2013ko laguntza-programekin alderatuta. Sektoreko eragileak izan dira Planaren proposamenen berri izan duten lehenak: CECOBI, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, Arabako Merkataritza Federazioa, DENDARTEAN, BIZKAIDENDAK, Bilboko Merkataritza Ganbera, Gipuzkoako Bazkundea, Arabako Ganbera, BILBAODENDAK, GASTEIZ ON, SSHOPS DONOSTIA, MUGAN-IRUN eta IKUSMER-ekin, baita Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Dinamizatzeko 32 Bulegoetako ordezkariekin, Merkataritzako ordezkaritzetako kideekin eta 30 dinamizatzaile komertzialekin ere. Topaketa horien ondoren, eta sektorearen ekarpenak Planean txertatu ondoren, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, beste jarduera-ildo batzuez gain, ondorengo laguntzen programa osatu du: +DIGITAL@ PROGRAMA Helburua: ETEei eta enpresa-elkarteei Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKT) ezartzen laguntzea. Ekimen hau Gobernu Kontseiluak onartutako 2015erako EUSKADIKO AGENDA DIGITALA (2015 EAD) plan estrategikoan jasota dagoen e-Enpresa izeneko ardatz estrategikoarekin bat dator. Aurrekontua: 100.000 € NEGOZIO EREDU BERRIAK Helburua: Merkatuan berritzaileak diren negozio-eredu berriak sortu eta ezar daitezen bultzatzea, ekonomia eta ingurumen arloetako jasangarritasun-irizpideetan oinarrituta, eta merkataritza hobetzen laguntzea, kalitatezko eskaintza lehiakorragoa, bezeroei eta merkatura zuzendutakoa, garatzen laguntzeko. Aurrekontua: 300.000 € ENPRESEN TRANSMISIOA Helburua: Bideragarriak diren merkataritza arloko enpresen jarraitutasuna eta hazkundea bermatzea, eta hala, haien ingurune ekonomikoa eta enplegua sendotzea. Aurrekontua: 150.000 € KUDEAKETA AURRERATUKO PROGRAMA Helburua: Programaren xede nagusia enpresetako kudeaketa eta merkatarien jarrera profesionala hobetzea da, enpresak berrikuntza teknologikoko, teknifikazio handiko eta lehia gogorreko testuinguru batean kudeatu ahal izan daitezen. Horretarako, merkataritza-enpresen lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetzea ahalbidetuko duen ikuspegi estrategiko bat eduki behar da. Aurrekontua: 222.315 € PUBLIZITATE KANPAINA Helburua: Euskadiko Merkataritza txikizkariaren jarduera baloratzea. Aurrekontua: 300.000 € MERKATARITZA ESTABLEZIMENDUAK MODERNIZATZEKO PROGRAMA. Helburua: EAEko merkataritza-establezimenduak, berrikuntzaren eta kudeaketa-tresnak eta azpiegiturak hobetzearen bidez, moderniza daitezen bultzatzea. Aurrekontua: 3.500.000 € ZONALDE BATZUETAN HIRI MERKATARITZAKO LANKIDETZA, DINAMIZAZIO ETA LEHIAKORTASUN ESTRATEGIAK GARATZEA Helburua: Merkataritza-intentsitate txikiko hiri-inguruneetan eta eremuetan merkataritza arloko lehiakortasuna hobetzeko, hiri-merkataritzako lankidetza eta dinamizazio estrategiak garatu daitezen sustatzea. Aurrekontua: 2.745.000 € MERKATARITZAKO BEKAK Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoan Merkataritzako Banaketa Sektorearen profesionalizazioa hobetzen laguntzeko beharrezko baldintzak sortzea, kontuan izanda xede horretarako enpresen kudeaketaren askotariko alderdietan ondo kualifikatutako profesionalak behar direla. Beka kopurua: 31, eta 15.000 €/bekako hornidura. Aurrekontua: 480.500 € MERKATARITZA DINAMIZATZEKO BULEGOAK Programaren xedea merkataritzako banaketa sektoreari eta sektore horretako elkarteei laguntza teknikoko doako zerbitzua ematea da. Zerbitzu hori langile kualifikatuek emango dute. Merkataritza Dinamizatzeko Bulego kopurua: 33 Aurrekontua: 1.270.500 € MERKATARITZA ARLOAN BERRIKUNTZA ETA LEHIAKORTASUNA SUSTATZEA ETA ZABALTZEA Programaren xedea EAEko merkataritza arloko talde, elkarte edo federazioek eta merkataritza-ganberek merkataritza arloan berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzera bideratutako ekintza dibulgatiboak egin ditzaten sustatzea da, adibidez: jardunaldi teknikoak, tailerrak, mintegiak, eztabaida-foroak, mahai-inguruak, kongresuak… Aurrekontua: 307.200 € Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 12.000 liburuxka banatu ditu lurralde-ordezkaritzetan, merkataritza-bulegoetan eta Ikusmer Behatokian, merkatari interesdunek laguntza-ildo hauen berri izan dezaten. Ikusmerrek rol garrantzitsua jokatzen du merkatariei informazioa ematerako orduan, eta iaz sektoreari buruzko 4.023 albiste argitaratu zituen webgunean, 9.291 saltokitara iritsi ziren 10 newsletter bidali zituen, trebakuntza jardunaldiak eman zituen, kontsultei erantzun zien eta ikerketa-txosten eta -azterlanak egin zituen, besteak beste: • 2013ko merkataritza-barometroa. • EAEko familia-kontsumoari buruzko azterlana. • Merkataritzaren teknologizazioari buruzko azterlana.