ORDIZIAN KIROLEAN ASTEA
Kirola kalera atera eta jendearengana gerturatu nahi du kirolaren asteak
Kirola, kultura eta merkataritza uztartzen dituen egitaraua antolatu dute Ordizian, datorren asterako. Izan ere, ekainaren 13tik 19ra bitartean, Ordizian Kirolean Astea egingo dute bigarren urtez, aurten gainera, «ekintza gehiago eta hobeak» agindu dituzte. Ordiziako Udalak, Majori kiroldegiak eta Ordizian Merkatari Elkarteak antolatutako ekimena da, eta hiru erakundeen arteko elkarlana azpimarratu zuten atzo, aurkezpen ekitaldian.
Egitaraua zabaltzeko, bi kirolari ezagun gonbidatu dituzte. Iñaki Perurena harrijasotzaileak eta Pedro Garcia mendizaleak, Ohituratik lehiako kiroletara izeneko mahai-inguruan parte hartuko dute, astelehen iluntzean. Asteazkenean, kirol medikuntzaren inguruan ariko da Iñaki Arratibel medikua. Osasunarekin jarraituz, elikadura osasuntsua eta denboraren kudeaketa hobea lortzeko saioa ere antolatu dute ostegunerako. Egitaraua ixteko, hainbat umeentzako kirol ekintzak eta hainbat erakustaldi izango dira larunbatean, herriko plazan.
Majori kiroldegiko Igor Matek azaldu duenez, aste honen helburu nagusia, «kiroldegian gelditu gabe, kalera ateratzea da, kirola jendearengana gerturatzeko». Aurtengo egitarauak dituen berrikuntzetako batzuk azpimarratu nahi izan zituen, D’Elikatuzekin eta Altamira jatetxearekin elkarlanean egingo duten dieta osasuntsuari buruzko saioa. Honelako aste bat egiteko garai aproposa dela uste du Matek, izan ere, asteburuan hasiko dute udako kanpaina eta «eskaintza zabala» dute Majori kiroldegian.
Ordizian merkatari elkarteko Estitxu Garciak, aste honek Ordiziako «merkatal ingurunea dinamizatzeko eta ezagutarazteko» ere balioko duela azaldu zuen. Izan ere, kirolaren asteak irauten duen bitartean, eskaintza berezi bat jarriko dute martxan herriko dendetan. «Datorren astean herrian erosketak egiten dituenak, zozketa batean parte hartzeko aukera izango du». Besteak beste, kirol loteak, ikastaroak, deskontuak eta otorduak irabazteko aukera izango da. Zozketa hori, larunbat iluntzean egingo dute, Ordiziako plazan. Saridunen izenak, elkartearen webgunean jarriko dituzte.
Jose Migel Santamaria jarduneko alkateak, Kirolaren Astea iaz ere antolatu zutela eta «emaitza onak» izan zituela ikusita, aurten ere errepikatzea erabaki dutela azaldu zuen. Udaleko sail ezberdinen eta gainontzeko elkarte eta erakundeen arteko lankidetza azpimarratu zuen. Laster, merkataritza biziberritzeko plana martxan jarriko dutela ere iragarri zuen atzo.