Ilargiaren atzeko aldea
Zerbait ahazten zitzaion bakoitzean ilargiari begiratzen zion. Hitz bat, izen bat, edo sukaldera zertara sartu zen ahazten zuenean. Segundo batzuez geldi geratzen zen; irribarre txiki bat marrazten zitzaion ezpainetan eta ahopeka esaten zuen: -Beste niak oroituko du, ziur. Hasieran barre egiten genuen. -Ama, betaurrekoak jantzita dituzu! Eskuekin aurpegia ukitu eta algara eginez erantzuten zuen. -Hara, Continue Reading
Zerbait ahazten zitzaion bakoitzean ilargiari begiratzen zion.
Hitz bat, izen bat, edo sukaldera zertara sartu zen ahazten zuenean. Segundo batzuez geldi geratzen zen; irribarre txiki bat marrazten zitzaion ezpainetan eta ahopeka esaten zuen:
-Beste niak oroituko du, ziur.
Hasieran barre egiten genuen.
-Ama, betaurrekoak jantzita dituzu!
Eskuekin aurpegia ukitu eta algara eginez erantzuten zuen.
-Hara, une batez hari utzi dizkiot! Oraintxe itzuli dizkit!
Geroz eta sarriago gertatzen hasi zen.
Gure izenak ahaztu eta aitarekin nahasten ninduen. Ostegunak igandeekin, azukrea labean gordetzen zuen eta telebistako urrutiko agintea hozkailuan.
Medikuek bazuten hitz goxoekin janzten zuten diagnostikoa.
Amak, ordea, ipuin bat.
-Oroitzapenak ez dira galtzen
-A ez?
-Ez, lekuz aldatzen dira.
Behin, ilunabarrean, etxeko balkoian ginela, ilargia seinalatu zidan.
-Ba al dakizu ilargiak baduela alde ezkutu bat?
Buruarekin baietz egin nuen.
-Ba hantxe bizi dira gure beste niak.
Barre txiki bat egin nuen.
-Jaiotzen garenean, bi sortzen gara une berean. Bata hemen eta bestea han. Hangoaren memoria hutsik dago hasieran. Baina guk bizitakoa ahazten hasten garenean, hara doa. Hark gordetzen ditu oroitzapen guztiak.
Ez nuen jakin zer esan.
-Orduan… berak badaki nor naizen?
-Zuk zeuk baino hobeto.
Ahazten zuen gauza bakoitza ez zen galera bat. Han goran behar zuen. Ilargiaren alde ezkutuan bizi zen beste niaren memorian jasota geratzen zen.
Aitonaren baratzeko tomateen usaina; lehenengo musuaren lotsa; seme-alabak jaio zireneko emozioa.
Bere ahanzturen azalpen hura entzutean irribarrea irteten zitzaidan. Baina etxera bakarrik itzultzen nientzenean negar ere egiten nuen.
Gaixotasunak ez zuen presarik. Pixkanaka kendu zizkion bideak, hitzak eta aurpegiak.
Eta konturatu orduko ezin zituen bere blusa koloretsuen botoiak lotu.
Koilarak zertarako ziren gogoratu.
-Nor zara zu? -galdetu zidan goiz batean etxera sartzean.
Ez nuen berehala erantzun.
Beldur nintzen.
Eskua hartu nion laztan eginez.
-Ez da ezer gertatzen, ama. Zure beste niak badaki.
Lasaitu egin zen.
Burua nire sorbaldan pausatu zuen.
-Bai, hark badaki. Hari ez zaio inoiz ahaztuko.
Azken hilabeteetan apenas hitz egin zuen
Bere gelako leiho ondoan esertzen zen arratsaldero. Ez zekien nire izena. Ez zekien zenbar urte zituen. Agian nor zen ere ez zekien.
Baina ilargia agertzen zenean begiek distira egiten zioten.
Gau batean erizainak deitu zidan.
Gelara iristean leihoa zabalik zegoen. Han zen ama, zerura begira irribarrez.
Eskua astiro altxatu zuen, urrutian norbait agurtuko balu bezala.
Ez zen agur egiteko irribarrea. Etxera itzultzen zen norbaitena baizik.
-Banuen zu ezagutzeko gogoa…
Haiek izan ziren bere azken hitzak.
Harrezkero nik ere zerura begiratzen dut zerbait ahazten dudanean.
Nork jakin oroitzapenak benetan ilargiaren alde ezkutura joaten diren.
Baina ilargi beteko gauetan, hura begiratu eta eskerrak ematen dizkiot.













