Zaldibitarrak azpitxapeldun eskuz binakako eskolarteko txapelketan
Zaldibiako Lide Lopezek eta Lizar Azurmendik osatutako bikoteak bigarren postua irabazi du kimuen mailan Zaldibian bertan, Resti pilotalekuan jokatu den Gipuzkoako Eskolarteko eskuz binakako txapelketan. Finala 12 eta 4 galdu dute Antzuolako bikotearen aurka, eta azken hauek, Olatz Insaustik eta June Garaikoetxeak irabazi dute txapelketa.
Eskola kirolaren barruan kokatutako txapelketa osorik jokatu da Zaldibian, sailkatze partidetatik hasi eta finaletaraino. Zazpi talde izan dira bertan parte hartzen, horietako hiru Goierrikoak: Zaldibiako Lopez eta Azurmendiz gain, Ordiziako Nora Sanz, Natale Petxarroman eta Enara Esnaola eta Legorretako Ainhoa Aseginolaza eta Mara Arnedo ere izan dira lehian. Gainerako bikoteak Andoaingoa eta Donostiakoa ziren.
Infantil mailako txapelketa ere jokatu da Zaldibian, Alegia, Antzuola, Bergara eta Donostiako bikoteen artean. Antzuolako Leire Galeanok eta Nagore Galeanok irabazi dute, Donostiako Mirian Arraiza eta Ainhoa Carmona 12-3 ko emaitzarekin menpean hartuta.
Zaldibiako pilota eskola arduratu da txapelketaren antolaketaz Gipuzkoako Pilota Federazioarekin batera.
Goierriko Hitza