Basarri Saria irabazi du Ekaitz Goikoetxeak
Ekaitz Goikoetxea bertsolari beasaindarrak irabazi du 31. Basarri Saria. Aurtengoa ezohiko edizioa izan da gainera, sekula ez bezala, Goikoetxeak berak irabazi baititu lehendabiziko eta bigarren sariak.Aurrenekoa, Harriak ez du begirik sortari esker ja...
Aurrenekoa, Harriak ez du begirik sortari esker jaso du. Etxe gabetzeen inguruan idatzitako lana da, historia pertsonal moduan kontatua. Epaimahaikoak azaldu duenez, «bertso sakonak, ondo eginak, zorrotzak, gaurkotasun handikoak eta ondorioz, sinesgarritasun betekoak» dira.
Bigarren saria berriz, Ardiak zenbatzen izeneko sehaska kantarekin eskuratu du Goikoetxeak. Bertso horien originaltasuna azpimarratu du epaimahaikoak. Hala, saritutako bi lanak egile berarenak izan arren, «oso estilo diferenteko sortak» direla azaldu dute.
Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Rufino Iraolak osatu dute epaimahaikoa. Lehen saria «erabateko adostasunarekin» aukeratu zuten, eta bigarrenean «eztabaida gehiago» izan baziren ere, bi sariak «aho batez» erabaki dituztela azaldu dute.
Sari banaketa ostiral honetan egingo dute Zarautzen, bertan jokatuko den Lizardi sariaren finala bukatu ostean.
Urteaga Lizardiko finalean
Bertsolaritza munduan izen handia duen beste sariketa bat, Lizardi Saria ere jokoan da. Ostiralean jokatuko dute finala, 22:00etan hasita, Zarauzko Modelo aretoan. Sei bertsolari ariko dira taula gainean, eta tartean izango da Gema Urteaga beasaindarra. Pasa den ostiralean jokatu zituzten finalerdietako saioak, eta beasaindarrak, finalerako sailkatzea lortu zuen. Finalean, harekin batera izango dira Oihana Iguaran, Aitor Salegi, Haritz Mujika, Maider Arregi eta Oier Iurramendi.