III. Gurasoei Gutuna idazlan labur lehiaketa antolatu du Ttiklikek
Udazkenarekin batera, Ttiklik elkarguneak kaleratu ditu Gurasoei gutuna idazlan labur lehiaketako oinarriak. Azaroaren 15era arteko epea dago lanak aurkezteko. Aurten, berrikuntza batekin dator, gainera: 0-7 urte arteko haurrek ere parte hartzeko auker...
Gutunaren kasuan, hiru maila bereizi dituzte: 6-11 urte bitartekoena, 12-18 urte artekoena eta 18 urtetik gorakoena. 18 urtekoen beherako mailetan zozketak egingo dituzte partaide guztien artean.
Parte hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu ahal izango du, eta argitaratu gabea, originala eta beste lehiaketa batean saritu gabekoa izan beharko du.
Lanak aurkezteko bi modu daude: Beasaingo Ttiklik elkargunera bidalita (Zelaeta Berri plaza, 3) edo mezu elektroniko bidez info@ttiklik.com helbidera bidalita. Bi kasuetan, Idazlan laburren lehiaketa azaldu beharko da gutun azalean idatzita. Barruan sartuko den gutun azal txikian jarriko dira lanaren izenburua, egilearen ezizena, maila eta datu pertsonalak.
Sari banaketa ekitaldia
Azaroaren 28an egingo da sari banaketa ekitaldia, www.ttiklik.com web gunearen 4. urtebetetzearen egunaren bezperan. Beasaingo Igartzako jauregian izango da, 11:00etan.
Sariak honakoak izango dira mailaz maila. Batetik, helduen atalean, Beasaingo Udalak eta Zezilionea jatetxeak emango dute saria; 12-18 urte artekoen mailan, Mirentxu liburudendak; 6-11 urteetan Kilimak dendak, eta 0-7 atalean Ume2010ek.
Ttikliketik aurreratu dutenez, sari banaketa ekitaldia berezia izango da. Haurrentzako tailerrak, zozketak eta luntxa izango dira besteak beste.
Bi gonbidatu berezi, bi bizkaitar, ere izango dira Igartzako ekitaldian: batetik, Mikel Urdangarin kantaria bere azken diskoa aurkezten; eta bestetik, Laura Mintegi idazlea.