Ataunen joanari buruz hitzaldia egingo dute gaur Inazio Munduate historiazaleak eta Haizea Moreno historialariak, San Gregorion. Villafrancaren lotura aitzakia hartuta, historia aztergai.Esaldi borobil bat hartu du goiburutzat Ataungo herritar talde ba...
Ataunen joanari buruz hitzaldia egingo dute gaur Inazio Munduate historiazaleak eta Haizea Moreno historialariak, San Gregorion. Villafrancaren lotura aitzakia hartuta, historia aztergai.
Esaldi borobil bat hartu du goiburutzat Ataungo herritar talde baten ekimenak, historia jakiteak zer garrantzia daukan adierazteko: iragana berreskuratu, oraina ulertzeko eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko. Joandako garaien eta gertaeren ezagutza bultzatu nahi dute, eta ikertutakoa gizartera zabaldu. Ataunek hiribildu titulua eskuratu zueneko 400. urteurreneko ospakizunen barruan, gaur hitzaldia egingo dute Inazio Munduate historiazale eta Haizea Moreno historialari ataundarrek, 19:00etan, San Gregorioko Elkargunean.
Banketxeko lanetik erretiratu geroztik, eta bere abizenaren jatorriaren peskizan udaletxera joandako batean Serafin Jaka idazkari zenak animatuta, artxibategi historikoa arakatzeari ekin zion Munduatek. Zaletasun porrokatu bihurtu zaio historia, eta Atauni buruzko dokumentazio aberatsa bezain oparoa du.
Jasotakoa zabaltzeko edo apailatuta argitaratzeko «dohainik ez» zuela eta, Moreno historialari karreradunarengana jo zuen, laguntza eske. Bien arteko kezkak eta egin nahiak, herri ekimen batean gorpuztu zituzten, irailaren erdian, ataundar gehiago taldera bilduta.
Lehenengo emaitza gaurko hitzaldia izango da:
Ataun Villafrancatik desanexionatu zeneko 400. urteurrena. Morenok sarrera eta ekimenaren helburuen azalpena egingo du lehenik, Munduatek Ataunen historiaren hasieratik XVII. mendera arteko epea jorratuko du, gero.
Bizibide zaharra aletzen
Ataungo artxibategi historikoaz gain, Elizbarrutikoa, Gipuzkoakoa eta Simancasekoa ere erabili ditu ikerketarako. Herriko artxibategia aberatsa dela dio. «Garai batean, bailarako herri handienak Zegama eta Ataun ziren, eta dokumentazio asko hemengo artxiboan dago; ez Ataungoa bakarrik, Ordiziari eta beste zenbait herriri dagokiena ere bai».
Villafrancarekin Ataunek egin zuen 1399ko bategitean eta 1615eko banaketan, herri xumea mugimendu haiez ez zela jabetzen sumatu du Munduatek. «Lau jauntxoen eskuetan zegoen herria, eta ez zen kasualitatea izan Villafrancara jaistea. Nahiko isilean egin zuten. Baina beharrean gertatu zirenean, xume horietara ere jo zuten: diru eske joan zitzaizkien».
Hiribildu titulua eskuratzeko, Gaztelako erregeak biztanle bakoitzeko 25 dukat eskatu zituen, eta hilabete batean ordaintzeko epea. «Guzira 83.865 erreal eman behar zituen Ataunek, gastu handia. Dirurik ez zeukan Ataunek, eta bi hilabeteko luzapena lortu zuten. Baina horrela ere ezin zuten ordaindu, eta dirua zutenean titulua emateko tratua itxi zuten azkenean».
Lazkaoko jaunaren jokaera
Ataunen 400. urteko egitarauan, herenegun
Pagoa Markes antzerkiaren bideoa eman zuten, 50 bat lagunen aurrean. Duela 30 urte irudikatu zuten Lazkaoko markesaren jokabidea. 1399an, Nafarroa eta Gaztelaren arteko mugako gatazketatik babesteko, batetik Villafrancaren magalera joatea erabaki zuten; baina, bestetik, Lazkaoko jaunari laguntza eskatu zioten.
Jauntxoaren babes hori ez zen debalde izan. Gainera, gerra horretan interesak zeuzkan, gaztelarren alde ari zelako. Ataunen lurren hirutik bat jaso zuen, babestearen truke, baita errotak eta elizaren hamarrenak ere.
Luzarora, Ataunen «etsai handiena» markesa bera bihurtu zen. Kontu horiek eta makina bat gehiago kontatuko dituzte Munduatek eta Morenok, gaur.
Iraganari buruzko lanketarekin jarraituko dute
Ataunen historia aztertzeko eta gizarteratzeko herri ekimen bat sortu dute. Han eta hemen arakatutako dokumentazioa lortzeaz gain, hortik aurrerako sozializazio lana bultzatu nahi du: «Iragana ez dadila dokumentuetan bakarrik gelditu, baizik zabaldu eta gizarteratu behar dugu, horrela kontzientzia bat sortzeko eta jendeak jakin dezan zer gertatu den antzina. Historia ezagutu, oraina ulertu eta etorkizuna denon artean eraiki ahal izateko», azaldu du Haizea Moreno historialari ataundarrak.
400. urteurrena abiapuntua dela aitortu dute. «Jendea martxan jartzeko aitzakia polita da. Baina abiapuntua da, hemen ez da bukatzen». Herri ekimenak aurrera jotzeko bokazioa du iragana jaso, berreskuratu eta sozializatzeko. «Ditugun bitarteko guztiak erabiliko ditugu, udalarenak edo gizartearenak, hori gizarteratzeko».
Aurrera begira, beste gai historiko batzuei heldu nahi diete: emakumearen papera berreskuratu, Jentilbaratzeko ibilbideak egokitu, jende helduaren ahozko iturriak jaso… Egitekoak eta bidea, ordea, bilkura irekian plazaratuko eta zehaztuko dituzte. Hurrengo bilera abenduaren 1ean dute, 19:00etan, udaletxean.
Historiaren azterketa eta jakinmina herritarrengana hedatu nahi dute, gazteengana bereziki. Herri eskolarako, unitate didaktikoak prestatzea ere beste ideia bat da, Ataungo iraganeko pasarteak adinari egokituta. «Lantzen dira baserrien izenak, herriaren azalera edo ezaugarriak. Historia-pasarteak sartu ahal izatea ere egokia litzateke», dio Morenok.