Jose Inazio Lasak Goierri Gorriko presidentetza utzi du
10 urtez izan da Goierri Gorriko presidente, sorreratik. Asteleheneko Batzar Nagusian erabakiko dituzte izendapen berriak.
Jose Inazio Lasa, oroigarriarekin, joan den ostiralean, Lazkaon.Mikel De Las Heras Jose Inazio Lasak Goierri Gorri klubeko presidente izateari utzi dio 2025-2026 denboraldia bukatu den honetan. Joan den ostiralean Lazkaon denboraldi amaierako ekitaldia egin zuten, eta omenaldia egin zioten Lasari. 2016an sortu zen Goierri Gorri kluba, eskualdeko emakumeen futbol taldeei bultzada emateko helburuarekin. Sorreratik izan da presidente, 10 urtez.
Beasain Kirol Elkartearekin eta Lazkao Kirol Elkartearekin sortu zuten Goierri Gorri. Gerora batu zitzaizkien Ordizia Kirol Elkartea eta Idiazabalgo Kirol Elkartea ere. Egun, klub horien babesa du. Lasak «haize freskoa» behar dela iritzita utzi du kargua: «Ikusten nuen bazeudela beste guraso batzuk ni baino hobe prestatuta. Nik urte asko dauzkat, jubilatuta nago. Denbora bai, baina ikusten nuen haize freskoa behar zuela, beste bultzada bat».
Duela 2 urte hasi zen erreleboa eman nahian, baina aurtengora arte ez du testigua pasatzeko aukerarik ikusi: «Boluntariorik ez zen aurkezten eta aurten denboraldi hasieratik azaldu dira; niretzat ondo eta klubarentzat ere bai». Ez dituzte izendapen berriak jakinarazi oraindik.
«Ikusten nuen haize freskoa behar zuela klubak, beste bultzada bat»
Jose Inazio Lasa. Goierri Gorriko presidente ohia
Lasarekin batera, Nekane Mujika zuzendaritza taldeko kideak eta kirol arloan koordinatzaile eta entrenatzaile aritu den Sergio Serranok ere utzi dituzte karguak. Adierazpen bat zabaldu du Lasak klubaren barne-komunikaziorako, eskerrak emanez: «Nire agintaldiko 8 urtetan klub honen zutabeak izan dira».
Haiekin batera, Aitor Larburu eta Eñaut Amenabarro entrenatzaileek ere ez dute jarraituko. «Eskerrik asko guztiagatik», adierazi du presidente ohiak.
324 jokalari
Proiektua sortu zutenean, sei talde, 93 jokalari eta hamar teknikarirekin (bi tituludun) ekin zioten erronkari. Gaur egun, 22 talde ditu klubak, guztira 324 jokalari eta 44 teknikarirekin (hamabi tituludun). Badoa Lasa, baina «beti gertu» ibiliko dela esan du, behar denean laguntzeko prest. Azken urtean erreleboa emateko lanean aritu dira, eta 10 urtetan egindako lanari jarraipena emango dio talde berriak, ilusio berrituarekin. Badauka Lasak klubarentzat ona izango litzatekeen ideia bat buruan, aztertu duten arren oraindik lortu ez dutena: «Zelai bat aurkitzen badute Goierri Gorrirentzat, itzela izango litzateke».
Astelehenean, batzarra
Asteleheneko batzar nagusian izendatuko dituzte kargu berriak, baina badago talde bat erronkari heltzeko prest. Antzizar kiroldegian 18:30ean izango da batzarra. Zuzendaritzako aldaketez gain, kirol txostena, denboraldiko balantze ekonomikoa edo hurrengo denboraldiko kuotak aztertuko dituzte.













