Kirolzale Herri Olinpiadetako finalaurrekoarekin hasiko dira Santa Isabel jaiak
Jaietan beti egoten da kirol ekitaldiren bat: herri kirol erakustaldiak, pilota partidak… Zumarragako Santa Isabel jaietan kirolak ohi baino pisu handiagoa hartu du, ordea, kuadrillen arteko olinpiaden eskutik. Hala, jaietako lehen asteburua olinpiadetako finalaurrekoarekin hasiko da eta bigarren asteburua finalarekin.
Finalaurrekoetara sailkatu diren taldeek bost atletismo proba egingo dituzte, Argixao estadioan. Izan ere, igeriketarekin batera, atletismoa da aro modernoko Joko Olinpikoen ardatz nagusietako bat. Carl Lewis, Florence Griffith, Usain Bolt, Allyson Felix, Duplantis, Isinbayeva, Asier Martinez… lau urtean behin telebistara pega-pega eginda izan gaituzten atletetako batzuk dira. Bihar, 17:00etatik 19:00etara, horiek parekatzen saiatuko dira Kirolzale Herri Olinpiadetako finalean egon nahi duten kirolariek.
Boleibol, frontenis, saskibaloi eta areto futboleko 130 partida eta igeriketa jardunaldi bat jokatu eta gero, 12 talde sailkatu dira finalerdietara. Zortzi mutilek edo mutilek eta neskek osatutakoak dira eta beste laurak neskek osatutakoak. Lehenengoak LK-M&M Garbiketak, EMTF-Informa Energia, RMF-Aitube Berri, Earki Gatxik-Leihoetxe Leihoak, APV-Igartua Burdindegia, KMPL-Bidezar Taberna, BPG-Atlas Harategia eta LKR-Urzubi Taberna dira. Emakumezkoek osatutakoak, berriz, Olinpi-Hadak-Osane, Jusjus-Iota, Zero Zero-Oleta Berri eta LMIX-Loidi Galdaragintza.
Atletismo jardunaldia Argixao atleten klubarekin elkarlanean prestatu dute antolatzaileek. Talde bakoitzak banakako lau proba eta txandakako lasterketa bat egin beharko ditu eta emaitza guztiak batuta punturik gehien lortzen dituzten gizonezkoen/mistoen hiru talde onenek eta emakumezkoen hiru onenek uztailaren 1ean Zumarragako plazan jokatuko den final nagusirako txartela eskuratuko dute. Finalerdietako probak honako hauek izango dira. 100 metroko lasterketa, luzera-jauzia, baloi medizinalaren jaurtiketa, 800 metroko lasterketa eta 4×400 metroko erreleboa.
Parte hartzaileek proba guztiak seriotasun handiarekin prestatu badituzte ere, ezin da ahaztu Kirolzale Herri Olinpiadaren helburu nagusietako bat lagunartean ondo pasatzea dela. Festen inguruan antolatutako ekimen parte hartzaile bat dira eta larunbatean, izpiritu hori falta ez dadin, DJ Zaza Argixaon izango da atletismo jardunaldia girotzen. Gainera, alkoholik gabeko edariak zerbitzatuko dira. Antolatzaileek Argixaora gerturatzeko gonbita luzatu diete zumarragarrei eta inguruko herrietako bizilagunei.
Olinpiadak ez dira kirol ekitaldi bakarrak izango. Egun berean, 15:30ean, herri mailako plater tiroketa egingo dute Oñatiko Txopekua tiro zelaian. Eta 18:00etan Gipuzkoako bigarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketa jokatuko da plazan (euria egiten badu, pilotalekuan). Zazpi aizkolarik parte hartuko dute. Horien artean, Yulen Aranberri zumarragarra izango da. Hiru onenak uztailaren 5ean Aian jokatuko den finalera sailkatuko dira.
Gainera, igandean, 10:30ean, bola eta toka txapelketa jokatuko da Zelai Arizti parkean (euria egiten badu, azokan). Eta hilaren 30ean Zumarraga Hiria pilota txapelketako finalak jokatuko dira. Lehen finala 17:30ean izango da. Bestalde, uztailaren 3an futbol, boleibol eta behi-futbol txapelketak jokatuko dira zezen plazan. Eta uztailaren 4an field target txapelketa jokatuko da.













