Teilatua berritu dute, eta orain lokala berritzeko lanetan hasiko dira. Bilerak egiteko, hitzaldiak antolatzeko zein beste hainbat ekitalditarako erabiliko dute. Uda aurretik martxan izango da
Matxinbenta auzoko eskola zaharrak 30 urte inguru daramatza itxita, eta ordutik ez zaio beste erabilpenik eman. Xabier Mujika auzoalkateak azaldu duenez, ez zegoen argi eraikina norena zen, auzolanean egindakoa baita. «Ez da elizaren jabetzakoa, baina Beasaingo Udalak ere ez du paperik, beraz, zehaztu gabe zegoen». Azkenean, ordea, akordio batera iritsi dira Beasaingo Udalarekin, eta eraikina berritzeko lanak hasi dituzte. Bertan elkargune bat egitea da asmoa.
Dagoeneko teilatu berria egin diote eraikinari. «Oso egoera txarrean zegoen eta ura sartzen zen», argitu du Mujikak. Datozen asteetan barruko lanekin hasiko dira. Bainugela berria egingo diote, zoruak berritu, leiho berriak jarri, instalazio elektrikoa… «Goitik behera berrituko dugu, oso zaharra baitago».
Bi eremu izango ditu
Eskolak ehun metro koadro inguru ditu, eta bi eremu bereiztea da asmoa. Gela txikiena paperak eta jaietako materiala gordetzeko, bilerak egiteko… erabiliko dute, batez ere. «Gaur egun ez daukagu bilerak egiteko leku aproposik; tabernan egin behar izaten ditugu», esan du auzoalkateak.
Gela handiena, berriz, erabilera irekikoa izango da. Haurrentzako ekintzak antolatuko dituzte bertan, hitzaldiak… «Oraindik ez dakigu zehazki zein izango den erabilpena; behin martxan jartzen denean ikusiko dugu ea jendeak zertarako eskatzen duen edo zein behar suertatzen zaizkigun».
Momentu honetan Matxinbentako auzotarrek ez dute elkartzeko edo ekitaldiak antolatzeko lokalik. «Garai batean apaizetxeko aretoa erabiltzen genuen, baina Elizak apaizetxea saldu zuen eliza berritzeko, eta orain jabetza pribatukoa da».
Lanak martxa onean doazela azaldu du Mujikak, eta uda aurretik dena amaituta egongo dela espero du.