Zuluetaren pilotariak eta portuak zintzilikatuta

Jesus_Lopez_Zulueta

Beasaingo Jesus Lopez Zulueta artistak bere pintura lanaren ibilbidearen ispilu den erakusketa du jarrita Lazkaoko Orobione tabernan. Hilaren 15era bitartean, artistaren lanaren garai desberdinetako bost koadro zintzilikatu dituzte jubilatuen egoitzako harrizko horma sendoetan.

1991. urtean egindakoa da lehenengo lana, Kristo pilotari XII koadroaren bozetoa. Olio, argizari eta pastel bidez, pilotariaren irudia erabiliz, pilotariaren eskuaren mugimendu desberdinekin gizakiaren jaiotza, heldutasuna eta liberazioa irudikatzen ditu pintoreak.

1988. urtean hasita, 8-10 urtean, pilotaria oinarri hartuta margotu zituen koadro gehienak. Esate baterako 9 zatiko pilotaria eta Errioxako (Espainia) Alberiten egin zuen 8 eskuko pilotariaren murala, 2,8 x 5 metroko neurrian. Koadro guztietan emakumea ere islatuta agertzen da.

Pilotariez gain, portuak eta itsasoa ere Zuluetaren gogoko gaiak dira. Lazkaoko erakusketan azken hiru urteetan gai horiei buruz egindako lau koadro jarri ditu. Koadroetako batean Donostiako portua ageri bada ere, gainerakoak Zuluetak berak koadroetan eraiki eta sortu dituen portuak dira. «Konstruktibismoa deitzen diot nik horri, pixkanaka eraikitzen joaten naiz, arkitektura egiten», dio.

Bi bodegoi ere jarri ditu ikusgai, neopastel teknika erabiliz sortuak, eta koadroen ertzak olatu formaz moztuak.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend