La Sallek erakutsi du Legazpin eskubaloia indartsu dagoela
Larunbatean Eskubaloi Egunaren edizio berri bat ospatu zuten. Bazkarian 200 lagun inguru elkartu ziren, eta bazkalondoren, denboraldi berrian lehiatuko diren hamar taldeak aurkeztu zituzten.
Legazpiko eskubaloi familiak urteroko festa ospatu zuen larunbatean, egun osoan zehar. Kirola, musika eta dantza eta elkarbizitza uztartuta, La Salle klubaren inguruan biltzen diren legazpiarrek “festa egun polita” igaro zuten, giro paregabearekin.
Topaketa goizean hasi zen, eskubaloi partidekin, eta eguerdian jarraitu zuen, kalean egindako poteo alaiaren ondoren Haztegi ikastolako pilotalekuan egindako bazkariarekin. Bazkarian 200 lagun inguru elkartu ziren, eta bazkalondoan, udan egin duten argazki lehiaketaren saria banatu zuten; Manuel Mugerza izan da irabazlea.
Eta gero, La Salleko eskubaloi talde guztien aurkezpena egin zuten, eta Dj Txumasketaren dantzaldiarekin itxi zuten festa, batzuk goizaldera arte bazuten ere.
Denboraldi berrian, hamar talde
Bazkal ondorengo aurkezpenekin erakutsi zuen bezala, La Salle klubak maila guztietan emakumezko eta gizonezko lerroak osatuta ditu. Hauek dira denboraldi berrian lehiatuko diren hamar taldeak:
– senior neskak: Zurizuri Group Legazpi, Lurraldeko 2. mailan
– senior mutilak: Laubide Jatetxea Lagazpi, 2. Nazional mailan; eta Karibe Zaharra Legazpi, Lurraldeko 2. mailan
– jubenil maila, neskak: Zuritex Legazpi
– jubenil maila, mutilak: Karibe Berri Legazpi
– kadete maila, neskak: Us Akademia Legazpi
– kadete maila, mutilak: Goiherri Jatetxea Legazpi.
– infantil maila, neskak: Tik Akademia Legazpi, A Liga txapelketan; eta Lurkide Legazpi, B Liga txapelketan.
– infantil mutilak: Urai Horitz Klinika Legazpi,B Liga Txapelketan.
Gainera, Eskubaloi Eskola ere izango du martxan La Sallek, eta bertan kimu eta benjamin mailako neska-mutilak arituko dira Aldundiak antolatzen dituen Eskubaloi Topaketetan.













