Kontakizun laburren lehiaketa egin dute bi urtez Igartubeiti baserri museoan eta bi edizioetako irabazleen lanei ilustrazioak erantsi eta 'Areago. Istoriak belarrietara. Kontakizunak' liburua osatu dute.
Ezkioko Igartubeiti baserri museoan Maialen Lujanbio bertsolariaren eta Arantxa Iturbe irrati kazetariaren ahotsez lagunduta egin daiteke bisita. Areago proiektuaren lehen urratsa izan zen audiogidak martxan jartzea 2013an.
Museoaren ondare baliabi-deak eta teknologia berrien erabilera biltzen duen Areago egitasmoak aurrera jarraitu zuen 2014an. Audiogida horietan txertatzeko helburuz, kontakizun laburren lehen lehiaketa antolatu zuten orduan. Bigarren lehiaketa etorri zen gero, 2016aren hasieran. Orain, bi edizioetako irabazleen lanak eta ilustrazio batzuk batu eta argitalpena kaleratu dute
Areago. Istorioak belarrietara. Kontakizunak izenburuarekin. Lehen edizioko lehiaketatik Txus Arrieta, Gorka Azkarate, Mikel Babiano, Aitor Fernandez de Martikorena eta Nerea Guijarrubiaren lanak jasotzen ditu liburuak; irabazlea, bigarren sailkatua eta aipamen berezia jasotakoak dira. Bigarren lehiaketatik, Patxi Zubizarreta irabazlearena eta Gorka Azkarate bigarren saridunarena. Ilustrazioak, berriz, Ainara Altuna, Eider Eibar eta Maite Gurrutxagarenak dira.
Idazleen topaketa
Liburua aurkezteko asmoz, egile guztiak gonbidatu zituzten Igartubeitikoek abenduan egindako topaketa batera. Elkar ezagutzeko eta Areago proiektuarentzako proposamenak jasotzeko baliagarria izan zen topaketa.
Kontakizun laburren hirugarren lehiaketa martxan jartzea erabaki zuten. Apirilean egingo da deialdia. 2017an beste bat deituko da, eta bi edizio horien irabazleen lanekin, bigarren argitalpena kaleratuko da.
Igartubeitin salgai
Areago. Istoriak belarrietara. Kontakizunak Igartubeitin eskuratu daiteke 3 euroan. PDF formatoan ere eskuragarri dago w
ww.igartubeitibaserria.eus museoaren webgunean. Liburua, bestalde, Goierriko liburutegietan banatuko dute laster.