Bittor Agirrek eta Iñaki Azarolak jaso dute Legazpiko Udalak emandako lehenengo Kultura Saria. Urteetan ibili dira bertsotan, garai bateko lekuko bizi-biziak dira.
Bada ondare bat haragi-hezurrezkoa dena. Bada ondare bat ahotsa duena. Bada ondare bat nondik gatozen erakusten diguna. Bittor Agirre
Bitti (Legazpi, Brinkola, 1936) eta Iñaki Azarola (Legazpi, Brinkola, 1935) Legazpik duen ondare bizia dira. Urteak egin dituzte plazaz plaza bertsotan. Bertsolaritzan hasi ziren bertso eskolarik ez zegoen aroan, nork bere baserriko sutondoan. Orduz geroztik bertsolaritza bizitzeko modua izan dute. 80 urteren bueltan dira biak, Azarola birraitona egin dute honezkero. Burua argi-argi dute urteak hitzak doinuetan eta errimatan josten ez baitituzte alferrik eman. Bertsolaritzaz harago, garai bateko lekukoak dira hala bizipenetan nola hizkeran ere. Legazpik ondare hori jaso eta gorde beharko luke ahanzturak eraman ez dezan.
Azarola Guriditegi baserrian jaio zen, Agirre Barrendiola baserrian; biak Brinkolan, biak umetan hasi ziren baserri lanetan. Azarolak, gerora, segak egin zituen Patrizio Etxeberriaren lantegian; Agirrek urteak eman zituen Etxeberriaren ekonomatoan harakin. Agirrek soldaduska Donostian eta Guadalupen (Extremadura) egin zuen, bi urtez. Azarola boluntario joan zen eta 10 hilabete egin zituen Zaragozan, beste 5 Logroñon. Aurreko datuak bien biografien zertzeladak baino ez dira, euren kontakizunaren urrezko hariak pa- sadizoak dira, baita pasadizo horiek nola kontatzen dituzten ere.
Bertso paperak
Nondik datorkie bertso zaletasuna? Nork bere baserriko sukaldetik. Azarolak azaldu duenez, «etxean bertso liburuak geneuzkan eta sukaldean liburutik bertsoak kantatzen genituen. Arreba zaharrenarekin segitzen nuen oherakoan». Agirrek, berriz, hauxe esan du: «Gure etxean lau anai ginen eta liburutik jarduten ginen, liburutik eta libururik gabe ere». Irribarrea atera dio Agirreri oraindik akorduan daukan bertso batek, umetan anaiekin sutondoan kantatu zuena, barru-barrutik atera zitzaiona, hala amaitu zuen bertsoa:
penak kentzeko esan ditzagun, katilu handiko izarrak. Barre algara batean lehertu ziren anaiak, «esneak koipe tantak zituen eta hortik izarrena».
Biek ala biek gurasoak bertsozaleak zituzten. Behiak zaintzen zituen bitartean ikasten zituen Agirrek bertsoak. Agirre: «Bertso paperak ekartzen zizkigun gure aitak. Feriatara joaten zen eta handik bertso paperekin etortzen zen». Paper haietan 15-16 bat bertso zeuden; paperok erosi egiten ziren feriatan.
Bertsolaritza nondik datorren erakusten dute biek. Azarolak, gainera, beste ezaugarri bat gehitu du: «Guk har bat genuen barruan, Euskal Herria biho-tzean dugu, euskal kultura suspertzeko gogoa genuen, diktaduraren garaian gu beste aldean geunden eta bertsotan aritzen ginen».
Ez ziren euskal zen guztirako garai gozoak. Azarolak dioenez, «bertsotan aritzea debekatuta zegoen eta aurrez bidali behar ziren gai denak, zer kantatu behar zen ere». Agirrek honela gogoratu ditu garai haiek: «Guardia zibil gaizto bat zegoen,
que van a cantar, galdetzen zigun, baina bertsoak ezin dira aurrez jakin;
cantores de los cojones esaten zigun».
Brinkolako tabernan elkartzen ziren Jesus Alberro, Ximon Azarola eta handik ibiltzen zen Patxi
Mandiola, Azarolaren aita, ahoko soinua jotzen. Mandiola deitzen zioten Azarolaren aitari, izen bereko Gabiriako baserritik zetorrelako; gerora, Azarolari fabrikan
Mandiola pequeño deitu zioten. «Konturatu gabe ikasi genuen bertsotan, kantatuz eta kantatuz» gogoratu du Azarolak. «Guretzat eskola aitaren liburuak izan ziren, gerora taberna izan genuen eskola» dio Agirrek. Doinuak ere buruz ikasten zituzten.
Halako batean Brinkolako tabernatik plazarako saltoa eman zuten. Egun bezala, orduan ere egunerokotik ateratzen zituzten gaiak, herriko gorabeherak, baserriko gaiak, ehiza… Loiola Irratiko txapelketa irabazi eta gero saio gehiago atera zitzaizkien. Bigarren mailako bertsolariak izan zirela diote, Uztapide, Basarri, Lazkao Txiki, Lopategi, Joan Mari Narbaiza, Nikolas Zendoia bertsolariak aipatu dituzte, besteak beste, bertso kideen artean. Saio asko egin zituzten han eta hemen, batzuk finkoak 30 urtetan zehar, urteroko hitzordu bilakatu zitzaizkien.
Bertso saioek, aitzitik, bestelako ukitua zuten. Pasadizo ugari kontatu dituzte, batean baino gehiagotan saioa euskal munduan horren ohikoak izan diren eskeekin lotuta zeuden eta goizean goiz Vespan Beizamara iritsi eta ordu txikitan amaitzen zuten baserriz baserriko kantua; amaitu, egunsentiko afari oparoarekin amaitzen zuten.
10.000 pezeta
Agirrek gogoan du Gabiriako pasiotarrek antolatzen zuten bazkari batean Anakleto fraideak 10.000 pezeta bana eman zien eguna, «inork ez digu horrenbeste eman». Akordatzen da, baita ere, Baliarrainera Zepai zenarekin kantatzera joan zenekoarekin, «24 urte nituen, Vespan joan nintzen, Zepaik ahots ona zuen, balkoira igo eta doinuekin kezkatuta agertu zen: zuek doinu berriak erabiliko dituzue, esan zidan. Izan ere, berak beti erabiltzen zuen doinu bera. Nik honakoa esan nion: Akilino, hasi zu eta nik segitu egingo dizut. Sekulako lasaitua hartu zuen».
Azarolak Zumarragan preso hartu zituztenekoa dauka go-goan: «Fama txarreko aguazil bat zegoen. Unanue tabernan ogitartekoa jan genuen eta 11:00etako dantzara joatekoak ginen geltokira. Algara batean gindoazen aguazila agertu eta berekin joateko esan zigunean. Ez genekien kafera gonbidatu behar zigun ala zer, eta ziegaraino jarraitu genion. Gu handik ateratzeko alkatearen sinadura behar, eta biharamunera arte ez zetorren». Hotel batean bezala egon zirela diote, dantzako lagunek zer jana eta zer edana eraman zieten.
Legazpiko harrobian Nerea Elustondo eta Ane Beloki elkarrekin ikusten dituzte etorkizunean. Jokin Matxinandiarena apopilo izandakoaren buru argitasuna ere ekarri dute gogora. Orain bertsolari asko dagoela eta denentzako tokia ote dagoen zalantzan jarri dute. Bertsolariak barre edo negar egin arazi behar duela diote eta bertsolari izateko egoten jakitea dela garrantzitsuena: «Kakalarri batean bazaude ez duzu asmatzen».
Biei liburuak egin dizkiete eta liburuotan bata besteari kantatutako bertsoak sartu dituzte. Agirrek Azarolari jarritakoa kantatu du: «Bi lagun edo ez ote garen bi anai».