Sei zaldibiar lehian Euskal Herriko Azkartasun Sega Ligaxkan
Lehen jardunaldia bihar jokatu da Nafarroako Basaburuan, eta bigarrena uztailaren 5ean Goiatzen. Almitza Sega Elkarteak antolatu du.
Maide Garmendia zaldibiarra segan, Miel Mari Jauregi 'Altzo' erakusle duela.Leyre Carrasco. Tolosaldeko Ataria Zaldibiako sei segalarik parte hartuko dute bihar hasiko den Euskal Herriko Azkartasun Sega ligaxkan. Emakumekoetan Susana Lopez eta Maide Garmendia; Gizonezkoetan, Josu Mendizabal, Beñoat Aiestaran eta Miel Mari Jauregi Altzo; eta haurretan, Izar Mendizabal. Txapelketa Almitza Sega Elkarteak antolatzen du.
Lehen jardunaldia bihar jokatuko da, hilak 13, 18:00etan, Nafarroko Basaburua herrian (Beramedi). Bigarrena eta azkena Goiatzen izango da, Arretxe baserriko belardian, uztailaren 5ean.
Bi jardunaldietako emaitzen arabera erabakiko da sailkapen orokorra.
Txapelketako lana
Segalariek, dagokien kategoriaren baitan, azalera jakin bateko belar saila ahalik eta azkarren eta txukunen moztu beharko dute. Epaileek egindako lanaren txukuntasuna aztertuko dute eta honen baitan denbora zigorrak erantsiko dira. Denbora zigor horiek saila mozteko behar izan den denborari gehitzen zaizkio, guztira denbora gutxien behar duen segalariak lehen postua izango du.
Maila bakoitzean egin beharreko lana:
Txapelketa nagusia
- Emakumeak: 7 x 5 m (35 m2
- Gizonezkoak: 10 x 10 m (100 m2)
Haur, Gazte eta Beteranoak
- Haurren txapelketa <14 urte (2012 urtean edo gerora jaioak): 25m2 (5m x 5m)
- Gazteen txapelketa <18 urte (2008-2011 bitartean jaioak): 35m2 (5m x 7m)
- Beteranoen txapelketa >60 urte: 35m2 (5m x 7m)













