Herriko abesbatzak irakurriko du aurten jaietako pregoia gaur, 19:30ean. Eltziegoko lagunek larunbatean, San Blas egunean bisitatuko dute Idiazabal, ohitura den bezala
Kandelaria egunarekin batera egingo dute gaur Idiazabalgo San Blas jaien hasiera ofiziala. 19:30ean irakurriko dute herriko abesbatzako kideek pregoia eta ondoren Axariaren jaitsiera egingo dute. San Blasak ofizialki gaur hasten badira ere, asteburuan egin dituzte herriko krosa, txistularien alardea eta haur danborrada, besteak beste. Hala ere, oraindik ekitaldiz beteriko egunak gelditzen dira aurretik.
Pregoiaren aurretik, herriko haurrek playback emanaldia egingo dute 17:00etatik aurrera, udaletxe plazako karpan. Haurrek entsegatutako dantzak erakutsiko dituzte, eta ondoren, indarrak hartzeko txokolate jana egingo dute plazan bertan, Guraso Elkarteak antolatuta. 18:30ean emango diote hasiera futbito txapelketako finalari, gaztetxeak antolatuta.
Eltziegorekin senidetza
Dagoeneko lau urte pasa dira Eltziego (Araba) eta Idiazabal herriak senidetu zirenetik. Ordutik urtean bi aldiz elkartzen dira: otsailaren hasieran, Goierrin; eta ekainean, Eltziegon bertan. Larunbatean Idiazabalen emango dute eguna eltziegarrek eta bertako jai giroan murgilduko dira Arabako Errioxakoak, San Blasetan ohitura den bezala.
Goizeko 08:00etan abiatukodira autobusean eta baita autoetan ere. Idiazabalera heldu bezain pronto, kalejira egingo dute Eltziego & Friends gaita jotzai-leek; idiazabaldarrek hamarretakoa gertu duten arte. Jarraian, lanean jarriko dira Eltziegoko sukaldariak. Eguerdian banatuko dituzten errioxar erara prestatutako patatak eta Eltziegoko produktuak xirmendutan erreak prestatuko dituzte. Bazkaldu aurretik, dantza eta gaita emanaldia eskainiko dute bisitariek.
Arratsaldean, hainbat aukera izango dituzte eltziegarrek eta Idiazabalera gerturatzen den orok. Artola eta Albisu eta Altuna III.a eta Merino II.aren arteko pilota partidaa ikustea izango da aukeretako bat, Igarondo pilotalekuan 17:00etan.
Inguruko sagardotegi batean afaldu ostean, Eltziegora itzuliko dira gonbidatuak.
Idiazabalgo abesbatza, ehun bat urtez kantuan
Gogor aritu dira lanean egunotan Idiazabalgo abesbatzako kideak, gaur irakurri eta kantatuko duten pregoia prestatzen. Jaietan emanaldi gehiago dituzte eta horiek prestatzen ere jo ta ke aritu dira.
Herriko abesbatzak ehun bat urte ditu, eta azken hamarkadetan Telleriatarrek zuzendu dute. Naxario Telleria dute zuzendari egun eta astean bitan elkartzen dira entseguak egiteko. Telleria txistularia eta elizako organo jotzailea ere bada, batzuetan Maite Auzmendik laguntzan badio ere organoarekin. Naxarioren aita, Naxario hura ere, izan zen abesbatzaren aurreko zuzendaria eta hark Victoriano anaia izaten zuen organoa jotzen. Hortaz, musikarien familia dela esan daiteke, Telleriatarrena.
Otsailaren 3an, San Blas egunean, festetako meza nagusian abestuko dute. Latinezko abestiez aparte, euskarazko beste hainbat ere prestatu dituzte jaietako egun handirako.