Oiduegiko txabola nahita errea izan dela aitortu dute elkarte eta sindikatu guztiek, perituen txostenaren zain
Oiduegi mendizale txabola, Enirio-Aralarko lur komunetan dagoena, “nahita” su eman eta kiskali dute. “Erasoa” izan da. Hala onartu eta aitortu dute hainbat elkartek eta sindikatuk sare sozialetako mezuen bidez, atzo (larunbata) gauetik gaur (igandera) bitartean. Lehen adierazpen horiek iradokitzen dutuenez, Aralarren mankomunitateak pistak eraikitzeko duen asmoaren inguruan sortu den sesioa legoke atzean.
Erreketa nahita sortutakoa izan zela Landarlan ingurumen taldeak eta Aralar Bizirik taldeak jaulki atzo iluntzean: “Sua sortu den puntuan sua eragiteko iturririk ez dagoela egiaztatu ondoren, sua nahita eragindakoa izan dela ondorioztatu da”, esan dute. Gailurrerantz mendi elkarteak -hark kudeatzen du Oiduegiko txabola- Aralarren pistak eraikitzearen aurkako iritzia plazaratua zuela gogorarazi zuten Landarlanek eta Aralar Bizirikek.
Atzo iluntzeko batzarrean, Zaldibiako plazan, ordurako jada intentzionalitatearen jakitun, aurrera begira jarri ziren elkarteko kideak: “Oidui altxatuko dugu” esan, eta gaur goizean hastekoak dira auzolanean lehenengo lanak egiten: aire librean geratu diren horma zatiak babesten.
Zaldibiako Udalak ere erreketa gaitzetsi du. Gertaera “penagarria eta tristea” izan dela gaineratu du.
Aralarko ganaduzaleek, eta EHNE eta Enba nekazaritza sindikatuek idatzi bateratua atera zuten, sare sozialetan, atzo gauean. Erreketa “ekintza basatia” izan dela adierazi dute, eta “gaitzespenik irmoena” adierazi dute. “Eraso” horrekin ez dutela bat egiten, eta helburua “konfrontazioa sortzea” izan duela gehitu dute: “Gertatutakoa argitzea nahi dugu, erantzuleak aurkitu eta zigortzea. Lehendik ere bizi izan ditugu antzeko egoerak: erretako artzain txabolak eta jeztokiak, apurtutako harrapalekuak… zoritxarrez argitu gabe geratu zirenak”.
Gailurrerantz mendi elkarteari eta Zaldibiako herriari elkartasuna adierazi diete. “Egoera asko gordindu dezakeen gertaera dela badakigu, baina dei berezi bat egin nahi genuke eztabaida dagokion tokian kokatzeko, gure prestasuna agertzearekin batera, lehen egin bezalaxe, auzolanean berreraikitzen laguntzeko”.
Aurrera-bidea “elkarren errespetuan” oinarritu behar dela dio ganaduzaleen eta sindikatuen oharrak: “Gaurkoa [atzokoa] bezalako ekintzek kalte izugarria egitenb diote bilatzen dugun helburuari”.
Txabolara gerturatu ziren suhiltzaileek eurek atera zuten ondorio hori, larunbat eguerdirako. Sutea txabola barruko lolekutik hasi zen, literal zeuden gela batetik. Han ez zegoen berez sua pitz zezakeen sorgailurik. Atzo iluntzean Zaldibiako Udalak eta Gailurrerantz mendizale elkarteak jakinarazi zutenez, Ertzaintzak gaur eguerdirako osatuko du puritu txostena. Hori izango da erreketaren nahitako izaera berretsi beharko duena.
Oiduegiko txabola Gailurrerantz mendizale elkarte zaldibiarrak kudeatzen du (1970eko hamarkadaren hasieran sortua da taldea). Txabola erre zela jakin orduko, pena-sentimendu handia zabaldu zen Zaldibian, erabiltzaileen eta mendizaleen artean. Toki goxoa, estimatua eta atsedenekoa zela diote.