Emakumeen Master Cup txapelketaren kanporaketa jokatuko da Zumarragan igandean. Eliteko pilotariak lehiatuko dira bertan, horien artean Ordizian bizi den Oihana Unanue (Azpeitia, 1980).Noiz hasi zinen palan jokatzen?Txiki txikitatik nuen gustoko, eta t...
Emakumeen Master Cup txapelketaren kanporaketa jokatuko da Zumarragan igandean. Eliteko pilotariak lehiatuko dira bertan, horien artean Ordizian bizi den Oihana Unanue (Azpeitia, 1980).
Noiz hasi zinen palan jokatzen?
Txiki txikitatik nuen gustoko, eta txikitatik jokatu izan dut. Adineko neskek panpinekin jolasten zuten bitartean, kiroletan aritzen nintzen ni, pilotan edo erraketarekin batez ere. Eskolan, gela berean bazeuden beste bi-hiru neska nire gustu berdinak zituztenak eta denak elkartzen ginen. Udan, adibidez, goizero goizero joaten ginen frontoira, eta mela-mela eginda bukatzen genuen izerditan. Garai hartan gu ginen horretan aritzen ginen neska bakarrak.
Partidarik jokatzen al zenuten orduan?
Pilota elkartean 10-11 urterekin eman nuen izena, beste neska batzuekin batera. Han bai, txuriz jantzi eta mutilekin batera lehiatzen ginen. Bi urtetan edo, horrela ibili ginen, nesken arteko txapelketarik ez baitzegoen.
14 urterekin utzi nuen pilota. Mutilekin alde handia zegoelako; indar gehiago zuten haiek eta horrek ez zuen gehiegi animatzen. Futbolean aritu nintzen ondoren 11 urtez. Baina 25 urterekin berriz ere bueltatu nintzen pilotaren mundura. Palan jokatzen hasi nintzen. Barruan nuen arra asetu beharra nuen.
Zer da Emakume Pilotari proiektua?
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak emakumeek pilota munduan duten parte hartzea sustatzeko asmoz 2004an abian jarritako egitasmoa da. Federazioaren proiektu honek foru aldundiaren babesa eta Gipuzkoako hainbat udalen laguntza ere jasotzen ditu.
Ni neu proiektu honetan sartu nintzen, beste hainbat emakume pilotarirekin batera, Maider Mendizabal eta Nagore Arozena besteak beste. Oso interesgarria iruditzen zait proiektua.
Igandean Zumarragan jokatuko dituzue final laurdenak. Zer espero duzue?
Nagore Aramendirekin ari naiz txapelketan eta biok ditugu seme-alabak. Nik hiru eta Nagorek bost ditu. Familiak, hortaz, ez digu nahi beste entrenatzeko denborarik uzten. Beraz, disfrutatzera joango gara eta irabaztea lortzen badugu, ezin hobeto!
Zer esango zenieke, pilotan edo palan hasi nahi duten neska gazteei?
Pilota munduan emakume gutxi badago ere, egun aukera gehiago dute. Hortaz, pilota gustuko duen neskari aukera aprobetxatzeko esango nioke. Agian bere herriko taldean neska bakarra izango da, baina ziur gertuan ere egongo direla beste batzuk.