Eire-Bankoa, Fernandezentzat

Beasaingo xake jokalariak irabazi du Urretxuko txapelketa entzutetsu hau. Urretxu eta Zumarragako onenak Unai Elias gaztea eta Joseba Urdangarin izan dira

Jokin Fernandez beasaindarrak irabazi du Urretxuko Eire-Bankoa txapelketa. Jesus Mari Rodriguez zaldibiarraren aurka jokatu du finala. Emozioa izan da nagusi, Fernandezek hiru segundoren faltan egin baitu garaipena eman dion mugimendua.

Finala eta hirugarren posturako partida igande arratsaldean jokatu ziren, Eire tabernan. Nahiz eta bi partidak Internet bidez eman zituzten, jende asko elkartu zen tabernan.

Fernandezek eta Rodriguezek hiru aldiz jokatu dute elkarren aurka Eire-Bankoa txapelketan, baina aurten lehenengoz elkartu dira finalean. Fernandez lehenengo aldiz nagusitu zaio Rodriguezi Urretxun.

Ez da harritzekoa aurten lortu izana, urte bikaina baitarama: aurtengo Eire-Bankoa txapelketan ez du partida bakar bat ere galdu eta Gipuzkoako txapeldunordea da.

Partida oso gogorra izan zen. Beasaindarrak erasokor jokatu zuen une oro, baina zaldibiarra ondo defendatu zen. Fernandezek denborarekin arazoak zituen, baina Rodriguezek akats bat egin zuen eta beasaindarrak hiru segundo bakarrik gelditzen zitzaizkionean xake mate egin zuen. Txema Iriberri antolatzaileak «sinesgaitza, epikoa eta ahaztezina» izan zela dio. «Ikusleak arnasarik gabe gelditu ziren».

Fernandez gazteak lehenengoz irabazi du Eire-Bankoa. Rodriguez txapel gehien dituen jokalaria da: zortzi txapelketa irabazi ditu, bi aldiz txapeldunorde izan da eta beste bi aldiz hirugarren postua lortu du.

Hirugarren posturako partidari dagokionez, Azkoitiko Anaitasuna Kakute taldeko bi jokalarik jokatu zuten: Anibal Fernandezek eta Carlos Sanchezek. Fernandez nagusitu zen.

Urretxu eta Zumarragako onenei dagokienez, Unai Elias gaztea eta Joseba Urdangarin beteranoa izan dira.

Anaitasuna Kakuteri saria

Urtero, xakearen alde lan egiten duen pertsona bati ere sari bat ematen diote. Aurten, lehenengoz, elkarte bati eman diote: Azkoitiko Anaitasuna Kakute taldea. «Eire-Bankoa txapelketa antolatzen laguntzen digute eta, gainera, talde horretako bi jokalarik txapelketa hau irabazi dute: Egoitz Irurek eta Anibal Fernandezek. Lehiakortasuna nagusi den garai honetan, Goierri eta Anaitasuna Kakute taldeen ar-tean horren giro ona egotea oso pozgarria da».

Bukatzeko, Iriberrik eskerrak eman dizkie bere laguntza ematen duten guztiei: Bankoa, Apaolaza autobusak, Santikutz, Goierri eta Anaitasuna Kakute xake taldeak, ButaK 21, Gazte Asanblada, Euskadiko Xake Federakuntza, komunikabideak eta parte hartzaileak.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend