Transzikloaren bigarren ekitaldia egingo dute gaur, 19:00etan, Igartzako jauregian. Bi zati izango ditu saioak: transexualitateaz hitzaldi-elkarrizketa eta errezitaldi poetiko musikatua
Transexualitatea, aniztasuna eta maitasuna uztartuko dituen
Mahaitasunez emanaldia eskainiko dute gaur Igartzako jauregian Goierriko Zubiak eta Beasaingo Udalak elkarlanean antolatutako I. Transzikloaren barruan. Atarrabiako (Nafarroa) Institutuko irakasle bat eta bi ikasle izango dira protagonista; Ekaitz Goikoetxea beasaindarra eta Mikele Grande eta Olaia Baigorri, hain zuzen ere.
Emanaldiaren hasieran, Goikoetxeak Mikele Grande elkarrizketatuko du, nerabe transexualaren esperientziaren berri emateko. «Askotan hitz egiten dugu bere transitoaz, prozesuaz, bizipenez… Oso neska samurra eta goxoa da, baina, batez ere, oso-oso indartsua eta borrokalaria. Hamasei urte ditu, baina inor gutxiri ikusi diodan heldutasuna eta osotasuna ditu», dio Goikoetxeak. Bere bizipen eta gogoetak argi eta zehatz azaleratzen ditu, «sekulako komunikazio gaitasuna du, eta lan miresgarri eta eredugarria egiten ari da transexualitatea normalizatzeko eta gizarteratzeko bidean», gaineratu du beasaindarrak.
Poesia eta musika
Ekitaldiaren bigarren zatian, poesia, musika eta dantza izango dira protagonista, maitasunean oinarritutako ikuskizunean. Olaia Baigorri ikasleak mahaian idazten zituen zitak eta olerki zatiak izango dira oinarri. Goikoetxeak zehaztu duenez, «ikasturte hasieran konturatu nintzen mahaian hainbat poeta eta idazleren aipuak zituela idatzita. Aipu horietako batzuetan aipuak norenak ziren jartzen zuten, eta beste batzuetan ez zuen jartzen. Nik susmatu nuen, aipuen ondoan izenik jartzen ez zutenak bereak izango zirela». Asmatu egin zuen irakasleak eta nahiko balu, bere sorkuntzak erakusteko proposamena egin zion Baiogorriri: «Biharamunean, koaderno bete olerki ekarri zizkidan. Egia esanda, harrituta gelditu nintzen 15 urteko neska batek horrela nola idatz zezakeen ikusita». Gerora jakin zuen, irakurtzeko eta musika entzuteko zaletasuna zuela. Hortik bururatu zitzaien mahaiaren omenez,
Mahaitasunez ikuskizuna sortzea. Eduardo Zudaire gitarra jotzailea eta Andoni Amadoz dantzariak izango dituzte lagun.
Herrian ariko da gaur Goikoetxea, eta herritarrak gonbidatu nahi ditu ekitaldira, «bizitzan behin bada ere, aurrez aurre entzun eta ezagutu beharrekoak dira nola bat hala bestea».