Euskal liburuak eskuan hartu eta kalera aterako dira beasaindarrak igandean

Herri Ekimenak 'Baietz 500!; 1.000 zergatik ez' erronka bota du. Euskarari, irakurzaletasunari eta herrigintzari keinu egin nahi diote. Ekainaren 17an Goierriko irakurle taldeen topaketa izango da

Udaberri_literario_artisti

Udaberri literario artistikoa kalean egitasmoaren barruan, euskaraz irakurri eta gozatzeko aldarrikatuz, euskara eta euskal liburuak kalera aterako dituzte igandean Beasainen. Honela, euskarari, irakurzaletasunari eta herrigintzari keinu bat egin nahi izan die hainbat beasaindarrek. «Euskararen eta euskal liburuaren inguruan dagoen beharra ikusita, herritar talde bat elkartu eta Herri Ekimena sortu dugu Beasainen», dio Joxe Goikoetxeak. Karteleko argazkiak erakusten duen bezala, herritar ekimena «oso anitza» da, «oso anitza arrazaz, ideologiaz eta adinez».

Igandeari begira, herriko eragile ugari ari dira elkarlanean eta ondorengo erronka bota diete beasaindarrei, Kalea liburu ireki bat lelopean: “Baietz 500! 1.000 zergatik ez?”. Ezkiaga auzotik Dolarea parkerainoko kale tartea irakurlez betetzea da antolatzaileen lana eta erronka. Dena den, «eguna bera ez dakit nola aterako den baina guretzat garrantzitsuena prozesua da. Garrantzia handiagoa ematen diot gela barruetan egiten ari diren lanari. Zorua ondo lantzen badugu, fruituak ere onak izango dira» gaineratu du Goikoetxeak.

Ekitaldiak bi zati

Igandeko ekitaldiak bi zati nagusi izango ditu. Lehenik eta behin, 12:00etan Ezkiaga auzoan bost minutuko irakurraldia egin ondoren, Ezkiaga auzotik hasi eta Kale Nagusian eta Nafarroa Etorbidean barrena, Dolarea parkera arteko liburu ibilaldia egingo dute jai giroan, trikitilariek eta txistulariek lagunduta. Ordu erdiko iraupena izango du.

Herritarrak eta herriko ikastetxe guztietako ikasleak eta irakasleak pixkanaka joango dira euskal liburuen kalejirarekin bat egiten; «kaleak liburuz beteko ditugu, indarrak metatzen joango gara pixkanaka. Parte hartu nahi duen oro kale tarte horretako edozein puntutan koka daiteke bere liburua irakurtzen». Ikastetxeen ordena ondorengoa izango da: Murumendi, La Salle, Andramendi, Alkartasuna Lizeoa, Loinazpe eta Txindoki. Azkeneko metroetan, Igartza aldean, futbol taldekoak sartuko dira; «bada garaia kirolaz harago ere, beste zerbaitetan pentsatzen jartzeko», diote antolatzaileek.

 

Beasaingo_irakurle_taldea«Herri Ekimena oso talde anitza da
jatorriz, arrazaz, ideologiaz eta adinez»

«Kaleak liburuz beteko ditugu,
indarrak metatzen joango gara»

Joxe Goikoetxea (Herri Ekimena)

 

Dolarea parkean

Kaleko mobilizazioari Dolarea parkean emango diote jarraipena. Goikoetxearen esanetan, ez da kasualitatea izan Dolarea parkea aukeratzea: «Gure nahia litzateke, Dolarea parkean sormen parkea eta pentsalarien txokoa sortzea. Zein ederra litzatekeen Dolarea parkea edukiz janztea. Aldarrikapen kutsu bat izango du, beraz».

20 bat minutuko sormen saio literario artistikoa osatuko dute bertan hainbat diziplinatako herritarrek. «Ikastetxe bakoitzak bi lagun jarriko ditu parrafotxo bat irakurtzeko… dantza, musika eta marrazketa izango dira».

Ekitaldiaren amaieran, «herriko ikastetxe, enpresa, osasun etxe, udaletxe, euskaltegiko… ordezkari banak liburu bat jasoko du Irakurle Taldeko kideen eskutik eta horrela hasiera emango diogu bigarren egitasmoari».

‘Zu ere irakurle’

Astelehenetik aurrera, Zu ere irakurle egitasmoarekin, Beasaingo 10-15 langileko enpresa guztiak, publikoak zein pribatuak, euskaraz irakurtzen jarriko dituzte. «Administrazioa, Osakidetza, euskaltegiak, udala, ikastetxeak, CAF, Indar, kooperatibaren batzuk, Bareak, tabernariak, musika eskola… gonbidatu ditugu ekintza honetara», zehaztu du Goikoetxeak. Antolatzaileen esanetan, enpresa bakoitzak arduradun bat izango du, eta konpromiso bakarra eskatuko diote: «Irakurtzearen konpromisoa. Bat horrek bigarren langile bati pasako dio liburua eta bigarren horrek hirugarrenari…». Liburu zerrenda osatzen ari dira, poesia zein narratiba liburuak, bi irizpide lehenetsita: beasaindar idazleen lana izatea eta euskara izatea. Liburuak orri banatzailea eramango du bertsoz osatua.

Ekainaren 17an Goierriko irakurle taldeen topaketa

‘Udaberri literario artistikoa kalean’ egitasmoarekin bukatzeko, ekainaren 17an, 18:00etan, Goierriko Irakurle Taldeen I. Topaketa egingo dute, Dolarea parkean edo Gernika pasealekuko pilotaleku txikian, eguraldiaren arabera. Joan Mari Irigoien idazlea omenduko dute, «euskal literaturari egin dion eta egiten ari zaion ekarpena eskertzeko». Consummatum est liburua irakurriko dute irakurle taldeetako kideek. Beasaingo eta Ordiziako udal biblioteketan eskura daiteke. Irigoien Beasainen izatekoa da ekainaren 17an.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend