Ordiziako futboleko lehen taldeak hitzordua du larunbatean Altamiran
Zumaian berdindu ondoren, zaleen bultzada espero du lehen taldeak, lehen garaipena eskuratzeko.
Ordiziako Gorengo Taldea, iazko denboraldian. Ordizia KE Garaipenarekin ez, baina puntu oso garrantzitsu batekin itzuli zen pasa den asteburuan Ordiziako lehen futbol taldea Zumaiatik. 1-1 berdindu zuten Iker Moureren jokalariek. Puntu horretatik harago, «itxura ona» eman zutela azaldu du klubak: «Sailkapenean aurrera egiteko balio izan ez bazuen ere, arerio zail baten aurka lortutako puntu horrek indar handia eman dio taldeari».
«Partidan oso ondo sartu ginen, eta lehenengo zatian gol aukera garbiak izan genituen», adierazi du entrenatzaileak. Lehen gola, baina, Zumaiakok sartu zuen, zelai erditik egindako jaurtiketa batetik. Hala ere, Ordiziak ez zuen amore eman, eta burua makurtu gabe jarraitu zuen jokatzen. Bigarren zatian zumaiarrek pauso bat egin zuten aurrera, eta Ordiziari gehiago kosta zitzaion gol aukerak sortzea. 75. minutuan, ordea, Ibai Apaolazaren jokalari bikain baten ondoren, Iker Mendizabalek banakoa egin zuen.
Puntu horri segida ona emateko aukera izango du larunbatean lehen taldeak. Altamiran jokatuko dute, 16:30ean, Debako Amaika Bat taldearen aurka. Partida gogorra espero du Mourek, baina lehen garaipena lortzeko ilusio handia du taldeak, eta zaleen bultzada espero dute harmailetan.
Ohorezko jubenilak, igandean
Ohorezko Jubenil mailako taldeak, berriz, igandean jokatuko du, Altamiran (12:00). Aurkari zaila izango dute aurrean, azken jardunaldietan goranzko joera erakusten ari baita, garaipenak pilatuz. Gainera, golak sartzeko erraztasun handia duen taldea da. Ordizia ere azken jardunaldian hiru puntu eskuratuta helduko da hitzordura. Asteburuan 1-3 irabazi zuen Lazkao liderraren aurka. «Garaipen horrek bultzada handia eman digu, eta bide onean goazela erakutsi digu», adierazi du Enrique Martin entrenatzaileak.
Lehen lau postuetan sailkatzeko helburua dute, eta horrela jarraituz gero, lor dezaketela ikusteko balio izan die garaipen horrek. «Azken garaipenak emandako ilusio eta konfiantza horrekin, partida zaila izango dela jakinik ere, gogotsu eta anbizioz egingo diogu aurre erronkari, hiru puntuak Altamiran gera daitezen», gaineratu du entrenatzaileak.













