'Las que corren' dokumentala proiektatuko dute gaur udaletxean
Solasaldia izango da filmean agertzen diren hiru protagonistekin: Dilia Co Coy Alta Verapazeko gobernadorearekin, Maria Xol Emakume Indigenaren Defendatzailearekin eta Inocenta Macz Demokraziarako Ekimen Zibilaren Fundazioko koordinatzailearekin. 18:00etan da.
'Las que corren' dokumentaleko irudi bat.Hitza Beasaingo Udalak Las que corren dokumentala proiektatuko du gaur, azaroak 12, udaletxeko batzar aretoan, 18:00etan. Euskal Fondoak eta Ikaika Mediak ekoitzitako lana da. Emanaldiaren ondoren solasaldia izango da, filmean agertzen diren hiru protagonistekin.
Guatemalako emakume indigenen istorioen bidez, kirola erresistentzia feministako eta eskubideen aldarrikapeneko tresna izan daitekeela erakusten du dokumentalak. Haien bizipenak eta borrokak ezagutaraziz, emakumeen eskubideak defendatzeko eta komunitate berdinzaleagoak eta indarkeriarik gabekoak eraikitzeko egiten diren prozesuak jartzen ditu erdigunean.
Euskal Fondoak hiru hamarkada baino gehiago daramatza Guatemalan nazioarteko lankidetzaren arloan lanean. Testuinguru horretan, 2014an Ak’Wank emakumeen lasterketaren eta Behobia-Donostia lasterketaren arteko senidetze-ekimena sortu zen, Alta Verapazeko udal-kudeaketan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko prozesu estrategikoak bultzatzeko.
Emanaldiaren ondoren, Dilia Co Coy Alta Verapazeko gobernadoreak, Maria Xol Emakume Indigenaren Defendatzaileak eta Inocenta Macz Demokraziarako Ekimen Zibilaren Fundazioko koordinatzaileak parte hartuko dute solasaldian.













