Gau osoa kantuan igaro dute Zaldibian
Izan Kantuz erronkak 17 ordu bete ditu. Atzo 18:00etan ekin zioten Zaldibiako Herri Antzokian 26 ordu etenik gabe euskaraz kantatzeari, munduko errekorra jartzeko asmotan. Hirunaka, familiaka edo talde txikietan oholtzara igo, eta zeregin horretan jarraitzen dute; hutsik egin gabe.
Parranda giroan igaro da gaua. Antzokiaren kanpoaldean karpa handia dago, taberna eta sukalde zerbitzuekin. Adineko pertsona asko geratu dira, goizeko ordu txikiak arte. Gaur goizean, lanera joan aurretik kantatzera pasatu denik ere izan da. Streaming bidez, 150 bat lagun ari dira jarraitzen une oro, batez beste.
Sistemaren akats batek antolatzaileak larritu zituen, atzo iluntzean. Musika geratu zen, baina kantuan ari zirenak isilik ez, eta egoera zaila salbatu ahal izan zuten. Official World Record erakundea ari da errekorra konplitzen dela erregistratzen.
Gaur goizean, 08:30etik aurrera atzera jende mordoa elkartu da. Herri Antzokia beteta dago, haur, nerabe, gazte eta zahar, kantaldi luzea jarraitzen. Gaurko egun osoa ere hartuko dute, 20:00etan bukatuko baita erronka. Herri bazkaria egingo dute, eta kantu-jirako taldeek alaituko dute Zaldibiako kalea.