Garaialde eta Urrestarazu pozik larunbateko garaipenarekin
Korrikalari goierritarrek lan bikaina egin duten Idiazabalgo 2. mendi duatloian. Garaialde eta Urrestarazu dira Euskal Herriko txapeldunak.
Urrestarazu (2), Losarcos (1) eta Albisu (3), larunbatean. Asier Zaldua Idiazabalgo 2. Mendi Duatloia jokatu zen larunbatean Idiazabalen, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko (EHMDZ) zazpigarrena. Euskal Herriko txapelketa ere jokatu zen lasterketa berean. Lasterketa Aiara Garaialde segurarrak eta Adrian Losarcos nafarrak irabazi zuten, nesken eta mutilen sailetan. Bikotekakoan, berriz, Unai Altunak eta Haritz Artanok osatutako Xaxiziklistak izan zen helmugaratzen lehena.
Euskal Herriko txapeldunak ere izendatu zituzten larunbatean. Elite mailan Aiara Garaialde eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra izan ziren Euskal Herriko txapeldunak. Urrestarazuk bigarren amaitu zuen herriko lasterketa. Losarcos, aldiz, Euskal Herriko txapeldun izan da, baina 25 urtez azpikoen mailan, Ane Aranbururekin batera. Gizonezkoen master 40 mailan, Eneko Gurrutxaga izan da Euskal Herriko txapelduna eta emakumezkoen master 35ean, Maitane Garmendia.
Bikotekako modalitatean ere banatu zituzten Euskal Herri mailako txapelak, hiru mailatan: bikote mutiletan, Unai Altuna eta Haritz Artano (Xaxiziklistak); bikote mistoetan, Ainhoa Arruti eta Mattin Sanzerro (Agerre) eta bikote nesketan, Haizea Erguin eta Oneka Goiburu (Zepaiko neskak).
Lehenengoa, Idiazabalen
Duatloiekin baino, mendi lasterketekin lotzen da gehiago Urrestarazu idiazabaldarra, baina egiaz 2012-13 denboraldia mendi duatloiak probatu zituenetik ez dio modalitate honetan lehiatzeari utzi: «Urtean zehar mendiko lasterketak egiten ditut, baina udazkenero hartzen dut parte mendi duatloietan. Asko gustatzen zaidan modalitatea da», dio. Iazko udazkenerako EHMDZko lasterketa guztiak egitea jarri zion helburutzat bere buruari. Lasterketa guztietan parte hartzeaz gain, zirkuituko txapeldun izan zen eta aurten bezala, Euskal Herriko txapela ere jantzi zuen.
Idiazabalgoa izan da aurten egin duen lehenengo mendi duatloia, «Euskal Herriko txapelketa zen aurtengo nire zerrendan markatutako azken data berezia. Aurtengo mendi duatloietako estreinaldiak zapore ezin hobea utzi dit», esan du. EHMDZ amaitzeko geratzen diren beste bi lasterketetan ere hartuko du parte, Bidania-Goiatzen, azaroaren 21ean; eta Adunan, azaroaren 28an.
Etxekoen berezitasuna
Espainiako Neguko Triatloi Txapelketa irabazi zuen otsailean Aiara Garaialde segurarrak, baina Euskal Herrian ez du mendi duatloi modalitatean lasterketa askorik jokatu. Iaz egin zuen lehenengoa, EHMDZaren baitan, Kanpezun: «Konturatu nintzen maila oso altua dagoela, eta iaztik buruan sartatuta nuen Idiazabalgo lasterketa. Izugarrizko ilusioa egin dit lorpen honek».
Etxean lehiatzeak bere berezitasunak dituela aitortu du: «beste urduritasun maila batekin iritsi nintzen, ziurgabetasun handiarekin eta zalantza askorekin», kontatu du, baina lana ondo eginda, lasterketa poltsikoratzeaz gain, Euskal Herriko txapela ere jantzi zuen larunbatean.
Datorren urteari begira, Urrestarazuk Zegama-Aizkorri mendi maratoian du jarrita lehendabiziko helburu nagusia. Udan mendi lasterketak egingo ditu eta udazkenean erabakitzeke ditu helburuak. Garaialdek bere aldetik, atsedena hartzea izango du helburu, «erdi lesionatuta nabil. Gorputzari atsedena eman nahi diot, datorren urtean indar gehiagorekin bueltatzeko».













