Ardiki eguneko ospakizunei loturik antolatu dituzte Aralarko Gaztaren eta Mondeju Zuriaren Txapelketak Zaldibian
Joseba Insausti eta Mari Jose Alkaiaga txapeldunak sari banaketan.
Joseba Insaustik irabazi du Aralarko 21. Gazta Txapelketa; Mondeju Zuriaren 24. Lehiaketako garailea, aldiz, Mari Jose Alkaiaga izan da. Gazta Txapelketako bigarren saritua Jose Antonio Garmendia izan da, eta hirugarrena, Mikel Sukia. Mondeju Zuriaren lehiaketan, bestalde, Illati tabernak lortu du bigarren postua, hirugarrena, ordea, Beti Gazte Elkarteak. Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok kantuan eman dute irabazleen berri.
Ardiki Eguneko ospakizunak 10:30ean hasi dituzte Zaldibian: txistulariek, trikitilariek, albokalariek eta dultzaineroek girotu dute eguna. Artisau eta ganadu erakusketa egin dute, eta horri esker, bertan bildu direnek ardi gazta, mondejuak, artilea eta zestoak nola egiten diren ikusteko aukera izan dute. Horretaz gain, mondeju pintxoak salgai jarri dituzte.
Sari banaketaren ostean, bazkariak antolatu dituzte herriko jatetxeetan. Ardiki Egunari amaiera emateko, bestalde, erromeria eta kalejira egin dituzte arratsaldean.
Aralarko Gaztaren 21. Lehiaketa:
1.- Joseba Insausti
2.- Jose Antonio Garmendia
3.- Mikel Sukia
Zaldibiako 24. Mondeju lehiaketa:
1.- Mari Jose Alkaiaga
2.- Illati Taberna
3.- Beti Gazte Elkartea