Gabon garaian eta ondorengo hilabeteetan bertako arkumea, zigiluduna, kontsumitzeko deia egin dute artzainek
Latxa arrazako arkumearen kanpaina berria aurkeztu du Larsabi eskoizleen elkarteak gaur Zaldibiako Goizane bilgunean. Gabonetan arkumea kontsumitzeko garaia dela eta, egun esanguratsu horien bezperan egin dute aurkezpena Larsabiko artzainek eta bigarren urtez jarraian produktu hori komertzializatuko duen Uvesco-BM enpresako ordezkariak. Aurten, Larsabi osatzen duten 32 artzainen 3.775 arkume eta 547 ardi subastatu dira eta Carnicas Tamames bitartekariari adjudikatu zaizkio; komertzializazioaz, berriz, Uvesco-BM kateko dendak arduratuko dira. Iaz bezala,
Latxa arkumea/Cordero latxo zigilu bereizgarria eramango dute akordio honen bidez salduko diren arkumeak.
Mariano Imazek hitz egin du Larsabi elkartearen izenean kanpaina berriaren xehetasunak emateko; kopuruak emateaz gain, bertako arkumea kontsumitzeko deia egin die herritarrei. Kontsumitzaileei zigiluak ematen dien segurtasuna eta bermea aipatu ditu, “arkume honen hazkuntza naturala, osasuntsua eta hemengo ingurumenarekiko errespetuan egindakoa” dela egiaztatzen duelako, “kalitate goreneko produktua da”. Latxa arkumea Uvesco-BM saltokietan egongo da salgai, eta enpresa honekin lortutako akordioa oso positibotzat jo du, “hemengo arkumea hemen bertan kontsumitzea delako helburua”. Izan ere, akordio horri esker iazko kanpainan salmentara ateratako arkumeen %35 bertan kontsumitu ziren –2016-2017 kanpainan %10 bakarrik– eta aurten %70ean jarri dute erronka. Portzentaje hori handitzen joateko komertzializazio kanal berriak lantzen jarraituko dutela adierazi du. Administrazioei ere dei egin die, “iruzurraren aurrean” neurriak har ditzan, hemengo arkumea izango balitz bezala Europako hainbat herrialdetakoa saltzen delako, eta horrek “artzaion etorkizuna baldintzatzen du”.
Uvesco-BM enpresako Iñaki Adurizek, bere aldetik, “saltokien artean dagoen lehia handiari aurre egiteko kalitearen, zerbitzuaren eta bertako produktuen alde” egiten duten apustuaren barruan kokatu du Larsabirekin lortutako akordioa.