Joxe Agustin Arrieta Egiguren
(Beasaingo La Salleko irakaslea)
Ez zait erraza egiten Joxe Martinen bizitza bi hitzetan borobiltzea. Zaldibiko semea genuen, baina izatez goierritar petoa, herriko semea eta bere ikasleen irakasle, artzain, babesle eta zuzentzaile. Lehengo astelehenean bere hileta ospakizuna ospatu genuen: sakona eta sentikorra, esanguratsua eta maitasunez egina. «Bikain» jator bat luzatu nahi diot Santa Fe Kristau Elkarte osoari, benetan ospakizun txukuna eta polita.
Gure protagonistaren nortasun agiriak Joxe Martin izena zeukan, bere zutabeak beste hauek ziren: familia, eliza eta jendea, eta azkenik, ikastetxea. Gure Beasaingo La Salle-San Jose ikastetxeko zutabe nagusi bat izan da. Pastoraltza Departamenduko arduradun nagusia, matematikako irakasle trebea eta ikasleak goxatzen zekiena. Gauzak bere tokian uzten zituena. Lagunen laguna eta leiala.
Zaldibian jaio zen 1961ean. Lehenengoz herriko eskolan lehen ikasketak burutu zituen, ondoren Batxilergoa Goierriko Institutuan eta Magisteritza –maixu ikasketa nagusiak– Donostian egin zituen.
Bere irakasle lana Ordizian hasi zuen (hamalau urte Milagrosa ikastetxean) eta gero hamazazpi urte Beasaingo La Salle ikastetxean. Beti prest, beti zerbitzari, beti bihotz zabalik ikasleen eskakizunetara, eta zer esanik ez, langile bai bere etxean, bai Parrokiko hainbat ekintzetan eta gure ikastetxeko beste eremutan. Langile aspergaitza eta batez ere lagun ona, zintzoa eta fina.Euskaldun osoa, irakasle trebea, zaldibitar petoa eta batez ere, ikasleen entzule eta bidegile izan da gure Joxe Martin.
Joxe Martinen azken sei hilabeteak nahiko gogorrak eta ozpinak gertatu zaizkio. Garai hauetako hitzak erabiliz, nahikoa kalbario bere haragian bizi izan du. Eta ez da erraza korapilo hau etetea. Gaixotasun latza eta gogorra pairatu baitu.
Mundu honetan gaiztoak gailentzen baldin badira eta errugabeak injustiziaz sufritzen badute, Jainkoak ez ditu errugabe horiek bere ezinean uzten. Azken hitza ezin dezake gaiztakeriak eduki, zuzentasunak baizik. Eta mundu honetan galtzaile bukatu dutenak, bizitza hau galeran bizi izan dutenak, Jainkoak piztu egingo ditu zuzentasunezko biziera emateko. Bestela, ez luke sentidurik izango zintzo jokatzeak.
Hilak piztuko direlako, ziurtasun sendoa daukagu, esperantzaz ari gara hemen: ezer ez dago betirako galdua. Jainkoa leiala da, ona da hori jakitea eta ez ahaztea.
Lehengo igandean ordu aldaketa izan genuen. Baina garrantzitsua beste hau da: geure erloju pertsonala beste ordu batean jarriz, mundua zuzentasunaren, maitasunaren eta itxaropenaren klabean ikustea. Joxe Martin beti puntuan ibiltzen zen irakaslea eta laguna genuen: gertuko ikasleekin, laguna irakasleekin, etxe maitalea familiarekin, kristau zintzoa parrokia eta herriarekin eta konprometitua munduarekin.
Hauxe Joxe Martinen testamentua. Goian bego!
Joxe Agustin Arrieta Egiguren
(Beasaingo La Salleko irakaslea)