Diabetearen nazioarteko eguna da etzi eta Urgadielek mahai informatiboak jarriko ditu
Diabetearen nazioarteko eguna da etzieta Urola Garaiako Urgadiel elkarteak zazpi mahai informatibo jarriko ditu informazioa banatzeko eta glukosaren probak egingo dituzte. Mahaiak ondoko tokietan izango dira: Zumarragako parrokiaren aurrekaldean, Izazpi auzoan eta Agiña auzoan; Urretxun Areizaga-Kalebarren plazan, Ipeñarrieta kalean eta Labeaga kalean etaLegazpin, parrokiako arkupeetan. Mahaiak goizeko hamaiketan jarriko dituzte eta ordu batak eta erdiak arte egongo dira.
Informazioa emateaz gain, Urgadielekoek glukosa probak egingo dituzte. Iaz larehun bat proba egin zituzten mahai guztietan egindakoak zenbatuta. «Badaude urtero proba egitera datozen herritarrak. Ohikoa ez da kasu berriak atzematea baina noizean behin gertatzen da. Odolean glukosa gehiegi dutenek, dagoeneko jakiten dute» dio Urgadiel elkarteko Anjel Ricok.
Urgadiel elkarteak larogei bat bazkide ditu. «Elkartearen bitartez gaixotasun hau dugunok informazioa partekatzen dugu eta babesa eskaintzen diogu elkarri. Oso argi daukagu, hala ere, medikuen rola ezin dugula bete. Gure eginkizuna medikuekin ditugun hamar minutuko kontsultetik kanpo geratzen den eremuan dago» jarraitu du Urgadieleko kideak.
«Diabetearekin dagoen arazoa da diabetea baino, diabetikoak daudela. Diabeteak ezaugarri propioak ditu paziente bakoitzarengan eta bakoitzak elikadura eta jarduera fisikoa bere gaixotasunaren ezaugarrien arabera antolatu behar du. Zailtasun asko sortzen ditu honek eta elkarteak horretan laguntza ematen die bazkideei».