Giza eskubideei buruzko III. marrazki lehiaketa egingo dute
Zumarragako Udalak hirugarren urtez antolatu du Giza eskubideei buruzko Marrazki Lehiaketa. Mikel Serrano alkateak eta Mari Mar Iglesias, giza eskubideen arloko arduradunak aurkeztu dute lehiaketa Zelai Arizti kultur etxean. 6tik 16 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dute lehiaketan eta udal arduradunek azaldu dutenez, gazteen artean “bakea, askatasuna eta berdintasuna bezalako baloreak” bultzatzea da ekimenaren helburua.
Azken bi edizioek izan duten partehartze maila eta sari banaketan bildutako jende kopurua ikusita, aurten ere “baikorrak” direla dio Mikel Serranok, baina herriko gazteei parte hartzeko deia berretsi die Mari Mar Iglesiasek. Lanak aurkezteko epea hilaren 15etik 29ra bitartean egongo da zabalik; sari banaketa berriz, abenduaren 10ean egingo dute, Beloki pilotalekuan. Marrazkiak Din A4 tamainan aurkeztu behar dira eta teknika librean egin daitezke. Lanak, Zumarragako herritarren harretarako bulegora edo ikastetxeetara eraman behar dira.
Iaz bezala, aurten ere beste sari berezi bat banatuko dute ikastetxeen artean. Hala, Giza Eskubideen Karta gazteen artean zabaltzeko ahalegin handiena egiten duen ikastetxeari 300 euroko saria emango diote, eskola materialetan erabiltzeko.