Ordenantza fiskalen aldaketa onartu du Urretxuko Udalak
Urretxuko Udalak ordenantza fiskalen aldaketa onartu zuen atzoko osoko bilkuran. Puntu bakarreko udalbatzarra izan zen eta aldaketak txikiak izan ziren.
Bi arlotan eman dira aldaketak tasetan. Batetik, urarena %3 igo da, ur kontsorzioak berak igoera hori aplikatu ostean. Bestetik, zaborraren tasak ere gora egingo du, %8, hau ere Sasietaren ekimenez. Ondasun higiezinei dagokienez, KPIaren igoera aplikatu diete. Gainontzeko tasak bere horretan utzi dituzte oro har.
Kirol tasak
Kirol instalazioen tasaren egiturak ere aldaketak jasango ditu, Udalak instalazio guztietarako sarbidea ematen duen bonoa kaleratu baitu. Azpiegituretarako sarreraz gain, ikastaroetan eta pistaren erabileran deskontua ekarriko du bonoak eta muskulazio gela eta sauna aldiz, doakoak bihurtuko ditu. Hala, 18 urtera arteko herritarrek 50 euro ordaindu beharko dituzte urte osorako txartel hau eskuratzeko; 18 urtetik gorakoek 100 euro eta ikasleek eta jubilatuek adiz, 50. Familientzako txartel berezi bat ere sortu dute, 150 eurokoa.
Neurri hauekin herritarrak kirola egitera eta Udal instalazioak erabiltzera animatu nahi ditu Udalak.