Airearen kalitatearen egoera kezkagarria Urretxu-Zumarragan
Jon Mikel Intsausti eta familia • Hainbat mediotan berria agertu dela aprobetxatuz, Urretxu-Zumarragan arnastu daitekeen airea dela-eta gure KEZKA HANDIA....
- ORDUKAKO DATUAK hartuz, 2010eko lehen 304 egunetatik (urtarriletik urrira), 172 egunetan (guztien %57ean) orduren batek airearen kalitate onargarritik kanpoko emaitzak izan ditu. Gainontzeko egunetan (%43), airearen kalitatea ona edo onargarria izan da.
- Neurtzeko era hau kontuan hartuz, martxoaren 16an airearen kalitatea bereziki txarra izan zen; 24 ordutatik 6tan bakarrik izan zelako aire kalitate onargarria (ezta garbia ere). Gainontzeko 18 ordutan, airearen kalitate maila moderatua (1ean), txarra (1ean), oso txarra (4tan) edo arriskutsua (12tan) izan zen. Egun honetan gainera, ordu baten urte osoko maximora iritsi ginen, arriskutsu maila irekitzen duen m3 bakoitzeko 138 mikrogramo atalasea 2.4 aldiz gaindituz (332 mikrogramo m3-ko datuarekin).
- PM10en airearen kutsadura gehienbat gauetan azaldu da (ikusi ORDUKAKO DISTRIBUZIOA Excelean).
- BATAZ BESTEKO DATUAK hartuz (egunean zehar emaitzak hartu eta bataz bestekoa kalkulatzen bada), urte honetako lehen 10 hilabetetan 28 egunetan gainditu da airearen kutsaduraren maila onargarria, hauetan kalitatea moderatua (14tan), txarra (10etan) eta oso txarra (4tan) ere izan delarik. Orain arte ez dira 35 egun bete neurri honekin, baina horrek ez du esan nahi dugun airea garbia denik.
- Gainera, Interneten ere hau irakurria. Industriak eragina omen du. INMA proiektuak ekarri duen txosten honen arabera, industriak eragin zuzena du PM2.5 partikulen sorreran, baita haizearen norabideak ere, Legazpitik iparralderantz badatorrelako kutsadura.
- Zerez osatuta daude partikulok? Garaia da partikulak zer diren informazioa zabaldu dadin. Horrela jakin ahal izango ditugu zerez osatuta dauden, baita zein izan daitekeen euren jatorria, neurriak hartzeko. Orduen distribuzioak ere lagunduko du aztertzen zerk sortzen duen kutsadura.
- Urretxu-Zumarragako airea kutsatuta dagoela errekonozitu dadila.
- Honen aurrean Urretxu eta Zumarragako ALKATEEI eta dagozkien AGINTARIEI egin nahi diegun eskaera. Airearen kutsaduraren arazoa konponbidera ekartzeko neurriak har ditzatela, arnasten ari garen airearen kalitatea ez delako onargarria, gure osasunaren kontrako eragin zuzena du-eta. Guk eta gure seme-alabek eskertuko dugulako. Jon Mikel Intsausti eta familia. 2010eko azaroaren 14an.