Ampo Ordiziak “atzera pausoa” eman du Gernikan galduta
Ampo Ordiziak galdu egin du Bizkaia Gernikaren kontra, eta hirugarren posturaino jaitsi da. Partida parekatua jokatu zuten atzo bi euskal taldeek, eta bi minuturen faltan, ordiziarrak 6-10 aurretik zirela etorri zen bizkaitarren entsegua. Taldetik azal...
Ampo Ordiziak galdu egin du Bizkaia Gernikaren kontra, eta hirugarren posturaino jaitsi da. Partida parekatua jokatu zuten atzo bi euskal taldeek, eta bi minuturen faltan, ordiziarrak 6-10 aurretik zirela etorri zen bizkaitarren entsegua. Taldetik azaldu dutenez, “atzera pausoa” eman dute partida hau galduta.
Hotza, euria eta lokatza. Horrela deskribatu dute ordiziarrek Gernikan bilatu zuten giroa. Jokoa ere, fisikoa izan zen gehienbat. “aurrealdeko jokoa, baloiaren jabetza lortzeko borroka eta floritura gutxi”. Bizkaitarrek zabaldu zuten markagailua, Gassieren zigor kolpe batekin. Huxford-ek partida berdindu zuen, eta aurreneko zatia bukatu aurretik, 3-10 aurretik jarri ziren Ampokoak, Puyadenak egindako entsegu bati esker. Lehen zati osoan ordiziarrak izan ziren nagusi, eta bigarrena ere alde izango zutela zirudien. Etxekoak ordea indarrean atera ziren, erasoan, eta ordiziarrei ez zieten arnasarik hartzen ere utzi. Defentsan ondo aritu ziren ordea, eta partidaren hondarreraino eutsi zioten. Bi minuturen faltan ordea, Williamsek entsegua egin zuen bizkaitarrentzat, eta markagailuari eta partidari buelta ematea lortu zuen.
Asteburuan atsedena izango dute Axio Arañaren mutilek, eta hurrengo hitzordua ondo prestatu nahi dute, Cajasol Ciencias taldearen bisita jasoko baitute abenduaren 5ean Altamiran.