Irudiek hitzek baino gehiago diotenean
Ormaiztegiko San Andres jaiak bete betean diren honetan, festa giroaz gozatzeaz gain, herriak eta herritarrek 30 urtean izan duten bilakaera bertatik bertara ikusteko aukera izango da, herritik mugitu ere egin gabe. Hori guztia, Angel Elorzaren eskutik, udaletxearen azpiko aretoan argazki erakusketa jarri baitu. Erakusketa hiru ataletan dago banatuta: Herriaren aldaketa fisikoa, Herriko elkarteen, taldeen eta erakundeen jarduera eta azkenik, Jaiak, ospakizunak eta ohiturak. Guztira 600-650 argazki daude bertan eta gaurtik asteartera bitartean ikusi ahalko dira: gaur arratsaldean soilik eta gainerako egunetan, eguerdian eta arratsaldean. Aurtengoa ez da Elorzak egin duen erakusketa bakarra, baina bai zabalena 1980tik 2010era bitarteko argazkiak bildu baititu bertan. Artxibo garrantzitsua da zentzu horretan eta ikusterraza, lan denak data jarrita eta horren arabera ordenatuta baitaude. Argazkiak ikustera gerturatzen denak, ahaztuta zituen hainbat kontu bergogoratzeko aukera izango du. Eta ez hori bakarrik. Ordutik hona, Ormaiztegik eta ormaiztegiarrek izandako aldaketak ere ikusi ahalko dituzte, Elorzaren lanak baitira aldaketa horien testigu. «Ormaiztegi fisikoki dezente eraldatu da, beste herri batzuetan baino etxe gutxiago egin dituzten arren. Herritarren ohituretan, janzkeran… ere aldaketa ugari eman da», dio Elorzak. Argazkigintzaren aldaketa Argazkigintzak berak ere aldaketa itzela eman du. Elorzaren ustez, nabarmenena kamara digitalaren sorrera izan da. «Lehen karreteak errebelatzen dirua joaten zen eta argazkia [...]
Ormaiztegiko San Andres jaiak bete betean diren honetan, festa giroaz gozatzeaz gain, herriak eta herritarrek 30 urtean izan duten bilakaera bertatik bertara ikusteko aukera izango da, herritik mugitu ere egin gabe. Hori guztia, Angel Elorzaren eskutik, udaletxearen azpiko aretoan argazki erakusketa jarri baitu. Erakusketa hiru ataletan dago banatuta: Herriaren aldaketa fisikoa, Herriko elkarteen, taldeen eta erakundeen jarduera eta azkenik, Jaiak, ospakizunak eta ohiturak. Guztira 600-650 argazki daude bertan eta gaurtik asteartera bitartean ikusi ahalko dira: gaur arratsaldean soilik eta gainerako egunetan, eguerdian eta arratsaldean.
Aurtengoa ez da Elorzak egin duen erakusketa bakarra, baina bai zabalena 1980tik 2010era bitarteko argazkiak bildu baititu bertan. Artxibo garrantzitsua da zentzu horretan eta ikusterraza, lan denak data jarrita eta horren arabera ordenatuta baitaude.
Argazkiak ikustera gerturatzen denak, ahaztuta zituen hainbat kontu bergogoratzeko aukera izango du. Eta ez hori bakarrik. Ordutik hona, Ormaiztegik eta ormaiztegiarrek izandako aldaketak ere ikusi ahalko dituzte, Elorzaren lanak baitira aldaketa horien testigu. «Ormaiztegi fisikoki dezente eraldatu da, beste herri batzuetan baino etxe gutxiago egin dituzten arren. Herritarren ohituretan, janzkeran… ere aldaketa ugari eman da», dio Elorzak.
Argazkigintzaren aldaketa
Argazkigintzak berak ere aldaketa itzela eman du. Elorzaren ustez, nabarmenena kamara digitalaren sorrera izan da. «Lehen karreteak errebelatzen dirua joaten zen eta argazkia ateratzerakoan kontuz ibili behar izaten zen. Egun kamera digitalarekin zorionez nahi adina atera eta gustokoak ez direnak borratu egin ditzakezu. Hori abantaila handia da».
Elorzak argazki asko paperean ditu, baina ez denak. Ordenagailuan edota CDan ere gordetzen ditu. «Ordenagailua izurratuz gero, argazkiak galdu egin daitezke eta gustatzen zait badaezpada CDan ere gordetzea. Etorkizunean ez dakigu ordea, egungo euskarriek balioko duten. Balio ez badute, euskarri berrietara pasatu beharko ditut lanak».
Ibilbide luzea
Hasiera batean oso momentu puntualetan ateratzen zituen Elorzak argazkiak: ospakizunetan, jaietan bidaiaren batean… 1990. urtean Egin egunkariarentzat lan egin zuen, Goierriko ediziorako argazkiak ateratzen eta kronikak idazten. Bertako lanekin artxibategi handi bat egin zuen. «Orduan konturatu nintzen bilduma hark herriko historia biltzen zuela eta argazkiak ateratzen segi nuen». Pixkanaka argazkigintzaren munduan sartuz joan zen. Ikastaro bat baino gehiago egin zituen eta bere kabuz ere ikasi zuen liburuak erosita eta ikusita. «Egun Internetak ere aukera handia ematen du besteen lanak ikusteko eta horrela ere ikasten da».
2004an Goierriko Hitzarentzat ere hasi zen argazkiak egiten eta ordutik hona ehundaka agertu dira egunkarian. Ormaiztegiarrak berak, milaka ditu paperean, negatiboetan, diapositibetan, CDetan… Gai eta arlo askotarikoak gainera: mendikoak, festetakoak, herriko elkarteei egindakoak, bidaietan ateratakoak, erretratuak, modarekin lotutakoak… Guztietatik gustukuen, herriko elkarteen ekimenetan eta festetan ateratakoak ditu. «Gozatu egiten dut saltsaren erdian argazkiak ateratzen. Kontzertuak, aizkolari probak, danborradak eta horrelakoak ditut gustuko». Estudiokoak ere atsegin dituela dio «baina ez da gauza bera. Estudioko lana kontrolatuagoa da, argiak jada neurtuta dituzu, ideia bat ere edukitzen duzu buruan eta gutxi gora-behera lortzen duzu nahi duzun hori. Kalean eta bat-bateko ekitaldietan inprobisatzea tokatzen da, askotan euripean, argi gutxirekin…. aritu behar izaten baitugu».
Argazkigintzan denbora dezente daraman arren oraindik ikasteko asko duela dio. «Photoshopari eskua hartzea esaterako gustatuko litzaidake. Lan batzuetarako erabiltzen dut, baina ez dut ondo menperatzen. Photoshopa erabiltzea agian engainatzea izango da, baina egia esan, argazkiak asko hobetu litezke».
Argazkigintzari dagokionean Elorzaren ametsa Ormaiztegiri buruzko liburu bat osatzea da. Nola egin litekeen, zenbat kostatuko litzatekeen eta horrelako hainbat galderari erantzunak aurkitzen hasita dago, «baina oraindik goizegi da proiektu zehatz bati buruz hitz egiteko».