‘Segura: herria ezagutzen’ lehiaketa jarri du abian Atseden elkarteak
Atseden jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak ‘Segura: herria ezagutzen’ izeneko lehiaketa du martxan azaroaren 15etik.
Atsedenen 25. urteurreneko ospakizunen barruan, Segurako Udalak lehiaketa bat egin zuen. Herritarrek Segurako 144 ate...
Atseden jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak ‘Segura: herria ezagutzen’ izeneko lehiaketa du martxan azaroaren 15etik.
Atsedenen 25. urteurreneko ospakizunen barruan, Segurako Udalak lehiaketa bat egin zuen. Herritarrek Segurako 144 ate zein etxetakoak edo baserritakoak ziren asmatu behar zuten. Txapelketa horrek sortutako interesak bultzatu zituen Atsedeneko kideak ‘Segura: herria ezagutzen’ lehiaketa martxan jartzera.
Helburua gazteek zein helduek herria ezagutzea da eta horregatik 56 galdera prestatu dituzte, Laureano Telleriaren laguntzarekin. Parte hartu nahi duenak, Atsedenetik txosten bat jaso behar du. Txostenaren lehen hiru orrietan galderak datoz eta azkeneko bi orrietan erantzunak idazteko lekua dago. Abenduaren 15era bitarteko epea dago galdera-sortari erantzuna emateko.
Sariak, erantzun denak borobildu ez arren, gehien asmatzen dituztenen artean banatuko dituzte abenduaren 21ean. Asmatzaile bat baino gehiago badira zozketa egingo dute. Irabazleak hiru sari hauetakoren bat aukeratu beharko du: Hoteletako txartelak, Lekeitioko bainuetxe batean egonalditxoa edota Kantabriako Selores herrian dagoen palazio batean egonalditxoa. Bigarren egiten duenak, Donostiako La Perlan zirkuito bat eta otordu bat eskuratuko ditu eta hirugarren egiten duenak berriz, bi otordu Segurako jatetxe batean.