Antzar Krosak Gipuzkoako ehunka atleta bilduko ditu igandean Lazkaon
Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeak antolatutako bederatzigarren Antzar Krosa igandean, abenduak 12, jokatuko da Lazkaon. Agauntza ibaiak Zubierrekan egiten duen meandroan izango dira lasterketak. Zelaiko korrika modalitateko Goierriko lasterketa bakarra da Antzar Krosa. Igande goizean ehunka kirolari elkartuko dira barrutian. 1.200 metro luzeko zirkuitua mugatuko dute antolatzaileek. Bederatzi lasterketa izango dira guztira, adinka bereizita eta distantzia desberdinetara. Kirolari federatuentzat eta Gipuzkoako Eskola Kiroleko haurrentzat da. Aurreko urteetan 300-400 partaide artean izan du krosak, eta igandean ere halatsu izatea aurreikusi dute Antzar Korrikalariek. «Partaide kopururik ezin da zehaztu aurrez, federatutako guztiak etor daitezkeelako. Haur bakoitza bere dortsalarekin etorriko da, ikasturte hasieran aukeratzen dute-eta Eskola Kirolean krosa», dio Iñaki Belamendiak. Gipuzkoan «aurrean» dabiltzan korrikalariak etortzea espero dute. «Postu onak egiteak puntuak ematen dizkie beren klubei, eta hori pizgarria da. Inguruko ikastetxeak ere bolkatu dira. Jendea animatu nahi dugu, festa eta giro polita sortzen delako». Aldagelak eta dutxak kiroldegian izango dituzte. Sariak plazan banatuko dituzte 13:00ak aldera. Krosak Eñaut Aldanondo lazkaotarraren izena hartuko du aurten. Igandean justu urtea beteko da Pirinioetan istripuz hil zela. Korrikako taldekideek memoriala eskainita gogoratu dute. Ordutegia 10:00. Emakumezkoak: beteranoak eta kadeteak. 2.400 m. 10:15. Gizonezkoak: beteranoak eta kadeteak. 4.100 m. 10:35. Neskak: juniorrak eta jubenilak. 3.400 m. 10:55. Alebin [...]
- 10:00. Emakumezkoak: beteranoak eta kadeteak. 2.400 m.
- 10:15. Gizonezkoak: beteranoak eta kadeteak. 4.100 m.
- 10:35. Neskak: juniorrak eta jubenilak. 3.400 m.
- 10:55. Alebin neskak. 1.200 m.
- 11:10. Alebin mutilak. 1.200 m.
- 11:25. Infantil neskak. 1.700 m.
- 11:45. Infantil mutilak. 2.200m.
- 12:00. Benjaminen eta aurrebenjaminen proba berezia, herriko talde batek antolatuta.
- 12:00. Junior mutilak, jubenil mutilak, senior neskak eta promesa neskak. 5.300 m.
- 12:30. Senior mutilak eta promesa mutilak. 8.200 m.
- 13:00. Sari banaketa, plazan. Dutxak kiroldegian.