Bostehun jubilatu elkartuko dira abesbatzen topaketan, Ordizian
Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak antolatutako Gipuzkoako abesbatzen XI. Topaketa ospatuko da aurrenekoz Ordizian. Denera 14 abesbatza elkartuko dira bi egunez, bihar eta ostegunean, eta egun bakoitzean zazpina abesbatza igoko dira Andre ...
Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak antolatutako Gipuzkoako abesbatzen XI. Topaketa ospatuko da aurrenekoz Ordizian. Denera 14 abesbatza elkartuko dira bi egunez, bihar eta ostegunean, eta egun bakoitzean zazpina abesbatza igoko dira Andre Mari elizako oholtza gainera. Bi egunak batuta 500 jubilatu inguruk parte hartuko dute topaketan.
Bihar, esaterako, Beasaingo Gurea, Legazpiko Buztintegi, Oñatiko Pake Leku, Olaberriko Zeba, Altzako Nao Etxea, Aretxabaletako Basotxo eta Bergarako San Joxepe abesbatzak elkartuko dira Ordizian, eta ostegunean, berriz, Trintxerpeko Jubilatu Kluba, Mutrikuko Anaiarte, Lasarteko Biyak Bat, Zumarragako Goizalde, Hondarribiko Kasino Zaharra, Lezoko Aiton Borda eta Ordiziako Umore Ona abesbatzak. Lau obra kantatuko ditu abesbatzak, eta horietako batek Eguberrietako kantua izan beharko du. Bi ordu iraungo dute egun bakoitzeko saioek, 16:30etik 18:30era.
Aurreneko aldiz Ordizian
Ordiziako Jubilatuen Elkarteak “maitasun bereziz” hartu du topaketaren antolakuntza. “Talde bakoitzari beraien argazkia duen plana pertsonalizatua emango diogu. Gainera, emanaldi bakoitzean zehar, abestuko diren obren izenburuak eta argazkiak erakutsiko ditugu proiektore baten bitartez”, azaldu dute. Bisitarientzako aparkalekuak ere izendatu dituzte, baita entzuleek elizan hartu beharko duten tokia ere.