San Silbestre probak ostiralean Beasainen, Ordizian eta Legorretan
San Silbestre probak egingo dira ostiral eguerdian Beasainen eta Legorretan, eta arratsaldean Ordizian. Beasainen bederatzi kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek, Gernika pasealekuan hasi eta amaituz. Aurten lehen aldiz Internet bidez eman behar da izena Beasaingo lasterketan parte hartzeko, www.kirolprobak.com helbidean. Izena bihar gauerdia baino lehen eman behar da. Gaur eta bihar Beti Bizi elkartera joanda ere eman ahalko da izena, 19:00etatik 20:00etara bitartean. Izen ematea doan izango da.
Beti Bizi elkarteko antolatzaileek jakitera eman dutenez, iaz Beasaingo proba irabazi zuen Hamid El Mouaziz eta bigarren egin zuen Abdelhadi El Mouaziz anaia marokoarrak aurten ere Beasainen izango dira. Baita aurten Donostiako maratoia irabazi duen Muturi Karanja ere. Lasterketan parte hartuko duten goierritarrak ere ugari izango dira.
Ordizian proba herrikoia
Ordiziakoa lasterketa herrikoiagoa izan ohi da, Urte Zahar eguneko ospakizun bihurtu dena dagoeneko. 18:30ean hasiko da 6,2 kilometroko lasterketa. Aurten proba egiten dela 34. aldia izango da eta Jose Manuel Caballeroren omenez egiten den zortzigarrena izango da. Ordiziako San Silbestre proban parte hartzeko ere www.kirolprobak.com webgunean eman behar da izena, ostegun gauerdia baino lehen. Izen ematea doan izango da.
Legorretan ere eguerdian
Legorretan ere eguerdian egingo dute San Silbestre proba ostiralean. Lasterketa erabat herrikoia izaten da, parte hartzea irekia bada ere sariak herritarrentzat bakarrik izaten baitira. 12:30ean hasiko dira lasterka parte hartzaileak Legorretako kaleetan zehar. Proban parte hartzeko udaletxean eman behar da izena ostiralean bertan, 11:00etatik aurrera. Parte hartzen duten guztiek pikuz betetako poltsa jasoko dute opari.
Haurrentzako probak hiru herrietan
Helduentzako ez ezik, haurrentzako lasterketak ere egingo dira ostiralean Beasainen, Ordizian eta Legorretan. Beasainen 8 eta 15 urte arteko haurrek parte hartu ahalko dute eta proba 10:30ean hasiko da. Proban parte hartzeko izena ostiralean eman behar da, 10:00etan, Gernika pasealekuko pilotalekuan. Ordizian benjamin, alebin eta infantil mailako haurrek parte hartu ahalko dute eta izena Barrena jauregian eman beharko dute ostiralean 16:00etatik aurrera. Legorretan berriz, 2005 eta 1996 urten artean jaiotako haurrek parte hartu ahalko dute lasterketan eta izena 11:00etatik aurrera eman beharko dute ostiralean, udaletxean.