Gazte lokala ireki dute gaur goizean Urretxun.
Atzo goizean Gazte Bidean gazteentzako lokal berria ireki zuten Urretxuko Iparragirre plazan, Jauregi kaleko 10. atarian. Urretxuko eta Zumarragako Udalen ekimenez, lokal berriak nerabeei zerbitzua eskainiko die, eurekin landu duten parte hartze prozesu baten ondotik.
Lokal berriak sukaldea, ordenagailu gunea, ping-pong mahaia, futbolina eta bideojokoetan jolasteko telebista handi bat ditu, beheko suaz eta plazarako irteeraz gain. Hiru begiralek eta bi teknikarik kudeatuko dute lokala, Karrika enpresaren tutoretzaz. Gune berriak «astialdiaz modu aktiboan gozatzeko aukera» eman nahi die nerabeei, «era parte hartzailean, sortzailean eta osasungarrian» jardutekoa, bide batez, «ongizate emozionalari laguntzeko». Azaldu dutenez, «lotura eta harreman egonkorrak, atseginak eta erreferentziazkoak sortzea eta norbanako gisa autonomia garatzea» ere badira helburuak, «nork bere burua antolatu eta kudeatzeko gaitasuna lor dezan».
2008. urtetik ari dira zerbitzua definitzeko lanetan. Urte hartan bi herrietako gazteen egoerari buruzko diagnosia osatu zuten. Ikerketa horretan oinarrituta abiarazi dute atzo ireki zuten zerbitzu berria. Hau definitzen nerabeen laguntza izan dute udaletako teknikariek. 324 gaztek hartu dute prozesuan parte, bai lan taldeetan eta baita sare bidezko formula desberdinak erabiliz, sare sozialak kasu. Sei hilabete iraun ditu prozesu honek, eta 13 eta 17 urte bitarteko nerabeez gain, eragile gehiagok ere hartu dute parte, hala nola, gurasoek, irakasleek edota kale hezitzaileek.
Lokalaren ordutegia asteartetik ostegunera 17:00etatik 19:30era, ostiraletan eta igandeetan 16:30etik 20:30era eta zapatuetan 16:30etik 21:30era izango da. Datorren astean jada hainbat ekintza programatu dituzte, txapelketak edo tailerrak kasu.
-
-
Gazte lokala ireki dute gaur goizean Urretxun.
-
-
-