Javier Ruiz de Larrinagak erraz irabazi du Ormaiztegiko ziklo-krosa
Javier Ruiz de Larrinaga jaun eta jabe izan zen igandean Ormaiztegiko ziklo-kros proban. Aurtengoa gainera, proba hori irabazten duen bosgarren aldia da. Bigarrena Iñaki Lejarreta, irabazlearengandik 44 segundura sartu zen helmugan. Bestalde, Egoitz Murgoitio eta Isaac Suarez ez ziren Ormaiztegin izan. Murgoitio Belgikara joana zen, ziklo-kros proba batean parte hartzera eta Suarez berriz, Kantabriara hango txapelketan lehiatzera. Antolatzaileen hitzetan horrek, lehiakortasun eta bizitasun apur bat kendu zizkion Ormaiztegiko norgehiagokari. Gauean euri pixka bat egin arren, ez zen lokatz gehiegirik sortu 2.500 metroko zirkuitoan, baina jende asko inguratu zen Ormaiztegira probaz gozatzeko helburuarekin. Ohikoa den moduan, jenderik gehien Antoneneko zelaiko jaitsiera ikusgarrian pilatu zen. Eguerdi partean egin zuten lehia nagusia. Javier Ruiz de Larrinagak, Iñaki Lejarretak eta Aitor Hernandezek elkarrekin egin zuten lehendabiziko buelta. Hernandezek erorikoa izan zuen ordea, eta min hartu zuen sorbaldan. Ruiz de Larrinagak Hernandez erori izana aprobetxatu zuen ihes egiteko eta hirugarren itzulitik aurrera jada bakarrik joan zen. Ruiz de Larrinagak ezarri zuen erritmoa eta gainerako parte hartzaileak baino maila hobea duela garbi utzi zuen. Lejarretak berriz, bigarren postuan sailkatzea lortu zuen eta hirugarren geratu zen Hernandez. Loic Herbreteau frantsesari gurpila zulatu zitzaion hasieran eta atzera gelditu zen. Txirrindulari saiatua da ordea, eta posizioak irabaziz joan zen. [...]
Javier Ruiz de Larrinaga jaun eta jabe izan zen igandean Ormaiztegiko ziklo-kros proban. Aurtengoa gainera, proba hori irabazten duen bosgarren aldia da. Bigarrena Iñaki Lejarreta, irabazlearengandik 44 segundura sartu zen helmugan. Bestalde, Egoitz Murgoitio eta Isaac Suarez ez ziren Ormaiztegin izan. Murgoitio Belgikara joana zen, ziklo-kros proba batean parte hartzera eta Suarez berriz, Kantabriara hango txapelketan lehiatzera. Antolatzaileen hitzetan horrek, lehiakortasun eta bizitasun apur bat kendu zizkion Ormaiztegiko norgehiagokari.
Gauean euri pixka bat egin arren, ez zen lokatz gehiegirik sortu 2.500 metroko zirkuitoan, baina jende asko inguratu zen Ormaiztegira probaz gozatzeko helburuarekin. Ohikoa den moduan, jenderik gehien Antoneneko zelaiko jaitsiera ikusgarrian pilatu zen.
Eguerdi partean egin zuten lehia nagusia. Javier Ruiz de Larrinagak, Iñaki Lejarretak eta Aitor Hernandezek elkarrekin egin zuten lehendabiziko buelta. Hernandezek erorikoa izan zuen ordea, eta min hartu zuen sorbaldan. Ruiz de Larrinagak Hernandez erori izana aprobetxatu zuen ihes egiteko eta hirugarren itzulitik aurrera jada bakarrik joan zen. Ruiz de Larrinagak ezarri zuen erritmoa eta gainerako parte hartzaileak baino maila hobea duela garbi utzi zuen. Lejarretak berriz, bigarren postuan sailkatzea lortu zuen eta hirugarren geratu zen Hernandez. Loic Herbreteau frantsesari gurpila zulatu zitzaion hasieran eta atzera gelditu zen. Txirrindulari saiatua da ordea, eta posizioak irabaziz joan zen. Azkenean laugarren sailkatzea lortu zuen.
23 urtez azpikoen lehiari dagokionean, Jon Ander Intxausti mutiloarrak ezin izan zuen parte hartu, lizentziarekin izandako arazo batzuengatik, eta horrek emozioa kendu zion probari. Iñigo Gomez izan zen helmugan sartzen lehendabizikoa. Bigarren sailkatu zen David Hidalgo, irabazlearengandik bost segundura.
Elite mailako nesketan Zaloa Trevillak jantzi zuen txapela 59 minutu eta 55 segunduko denborarekin. Bigarren geratu zen Maite Murgia lazkaotarra, irabazlearen denbora bera eginda.
Gainerako mailak
Kadeteen mailan, gizonezkoetan Gorka Uriartek jantzi zuen txapela. Bigarren, Patxi Aldanondok egin zuen eta hirugarren Eraitz Palaciosek. Faboritoetako bat, Ezkio-Itsasoko Alexander Aranburu zen arren, abiadura-aldagailua puskatu zitzaion eta ezin izan zuen hasierako postuetan sailkatu. Aranburu zazpigarren sartu zen helmugan.
Gainerakoan, lehia nahiko orekatua izan zen. Helmugan sartu ziren lehen bost txirrindulariak minutu baten barruan sailkatzea lortu zuten.
Kadete nesketan, Lierni Lekuona izan zen helmugan sartzen lehendabizikoa eta bigarrenari, Carina Aguilerari minutu bat eta zazpi segunduko aldea atera zion.
Junior mutiletan, bost txirrindularik elkarrekin egin zuten lehen itzulia baina, gerora hiru bakarrik geratu ziren: Jonathan Bilbao, Pello Olaberria eta Xabier Goikoetxea. Lehia bizia erakutsi zuten hirurek, baina azken bueltan Jonathanek ihes egin zuen eta proba irabaztea lortu zuen. Pello Olaberria mutiloarrak eta Xabier Goikoetxeak esprintean jokatu zituzten bigarren eta hirugarren postuak.
Ander Ibarguren legazpiarra laugarren sailkatu zen. Luis Malkorra zegamarra zazpigarren eta Iosu Urrestarazu idiazabaldarra berriz, hamaseigarren.
Junior nesketan, Eider Merinok irabazi zuen proba eta 48 minutu eta 28 segundu behar izan zituen lana bukatzeko. Ruth Telleria, irabazlearengandik buelta batera sailkatu zen.
Master 30-40-50 mailako proban berriz, Xabier Mendiaraz zaldibiarrak jantzi zuen txapela.
Antolatzaileen balorazioa
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, proba ondo atera zen eta ikusle kopuruarekin ere oso gustora daude «dena den, pena ematen du horrelako proba bat antolatu ondoren, zenbait txirrindularik ez parte hartzea. Javier Ruiz de Larrinagari gerra pixka bat emango zioten txirrindulariak izan balira, proba interesgarriagoa izango zatekeen».
Datorren urtean, 50 urte beteko ditu Ormaiztegiko ziklo-krosak eta antolatzaileen hitzetan «urteurren berezi hori ospatzeko maila altuagoko proba antolatzen saiatuko gara».
Bestalde, datorren larunbatean eta igandean Espainiako Txapelketa jokatuko da Zamoran eta euskal selekzioarekin parte hartuko dute Alexander Aranburu, Patxi Aldanondo, Pello Olaberria, Ander Ibarguren eta Jon Ander Intxausti goierritarrek.