Intsausti, helmugan. Argazkia: Federacion Española de Ciclismo
Goierriko txirrindulariek urrezko bi domina lortu dituzte asteburu honetan Zamoran jokatutako Espainiako Ziklo-Kros Txapelketan. Bat Jon Ander Intxausti mutiloarrak eskuratu zuen 23 urtez azpikoen mailan eta bestea, Xabier Mendiaraz zaldibiarrak, 40 urtez gorakoen mailan.
Espainiako Txapelketa azkenean, El Valorio parkean, Zamorako berdegune nagusian jokatu zuten, azken egunetako euriteak ibilbidea bi aldiz aldatzera behartu baitzituen antolatzaileak. 2.500 metroko zirkuitua pinudi batetik igarotzen zen eta azkarra eta oso teknikoa zen, bihurgunez betea.
Ostiralean errelebo proba burutu zuten. Proba berezia da, talde bakoitzean maila desberdineko txirrindulariak aritzen baitira txandaka, bakoitzak zirkuitoari itzuli bana emanez. Pello Olaberria eta Jon Ander Intxausti mutiloarrek Euskal Selekzioarekin parte hartu zuten erreleboko proban. Laugarren geratu zen Euskal Selekzioa. Proba berriz, Asturiasko Selekzioak irabazi zuen.
Intxaustik ez du hutsik egin
Larunbat goizean 40, 50 eta 60 urtez gorakoen probak jokatu zituzten eta Xabier Mendiarazek erraz irabazi zuen beste urte batez, 40 urtez gorakoen lehia.
Arratsaldean besteak beste, 23 urtez azpikoen norgehiagoka egin zuten. Itxaropen handia zegoen jarrita Jon Ander Intxaustirengan eta ez zuen hutsik egin. Mutiloarrak maila horretan lehen urtea daraman arren, argi geratu zen ziklo kroserako dohain berezia duela. Probaren hasieratik, tropelean joan zen Intxausti David Juarezekin, Daniel Ruizekin, Jon Gomezekin eta Oscar Boenterekin batera. Daniel Ruiz gernikarrak, erritmoa gogortzea erabaki zuen eta Intxaustik bakarrik jarraitu zion. Beste hirurak atzean geratu ziren. Azken bueltan mutiloarra saiatu zen erasoa jotzen, baina ez zuen gernikarra gainetik kentzea lortu. Bihurgune batean, Ruizek arazo txiki bat izan zuela aprobetxatuz goierritarrak zenbait metroko abaintaila atera zion bizkaitarrari, baina proba azkenean esprintean erabaki zen. Intxaustik 52 minutu eta 27 segundu behar izan zituen lana bukatzeko. Dani Ruiz segundu batera sailkatu zen eta Oscar Boente minutu bat eta lau segundura. Probaren bukaeran oso pozik eta hunkituta zegoen mutiloarra. Daniel Ruizek oso erritmo gogorra jarri zuela aitortu zuen gazteak eta beraz, oso proba gogorra izan zela.
Pello Olaberria zazpigarren
Igandean, kadete mailako proba Victor Aguado madrildarrak irabazi zuen. Alex Aranburu ezkiotarrak zortzigarren bukatu zuen. Junior mailan, Pablo Rodriguez galiziarra izan zen helmugan sartzen lehendabizikoa. Pello Olaberria ondo ibili zen, lehen itzulietan bosgarren postuetan mantenduz, baina bukaeran zazpigarren postuarekin konformatu behar izna zuen.