Goierritar ugarik bat egin dute Gernikako Akordioarekin
Gernikako akordioaren aurkezpena
Asko izan dira azken egunetan Gernikako Akordioarekin bat egin duten goierritarrak. Seguran, Zumarragan, Beasainen eta Ordizian Bake bidean aterabide demokratikoen akordioari atxikimendua emateko argazkia atera eta akordioa sinatu dute eragileek eta herritarrek. Azken ekitaldiak gaur bertan izan dira, Beasainen eta Ordizian. Akordioa irakurri eta sinatu ondoren argazki bana atera dute herri bakoitzean, iazko irailaren 25ean Euskal Herriko hainbat eragile sindikal, politiko eta sozialek Gernikan hasitako bideari jarraipena emanez.
Gernikako Akordioak, besteak beste, “Alderdien Legea indargabatzea, ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, eta Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe politika etetea” eskatzen du. Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa sinatu duten eragile politiko, sozial eta sindikalak dira honakoak: Abertzaleen Batasuna, Alternatiba, Aralar, EA, ezker abertzalea, EHNE, EILAS, ELB, ESK, Hiru, LAB, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Apaizen Koordinakundea, Bilgune Feminista, Etxerat, Euskal Herriak bere eskola, Euskaria, Ezker soberanista, Gazte abertzaleak, Gazte independentistak, Alternatiba Gazteak, GazteHerria, Gernika Batzordea, Giza Eskubideen Behatokia, Herria 2000 Eliza, Ikasle Abertzaleak, Iratzarri eta Torturaren Aurkako Taldea.