Urko Irastorza, Joseba Garmendia eta Miren Josu Aranburu, absolbituta
Sentzentzian absoluziora iristeko arrazoibide nagusia honakoa da: “Ez dago frogatua Udalbiltza ETAren proiektu bat denik, edota talde kriminalaren zuzendaritzapean edo kontrolpean dagoenik. Jarduera deliktiboa justifikatzeko ETAk aldarrikatzen dituen helburuak eta Udalbiltzarenak bat etortzea edo haien artean sintonia egotea ez da delitu”. Hau da, ETAren helburu berak izatea ez dela delitu azpimarratu du Gomez Bermudezek, Manuela Fernandez Pradok eta Ramon Saez Valcarcelek osatutako epaimahaiak.
Gainera, Valcarcelek boto partikularra eman du auzibidearen kostuei dagokionean: kostu horiek herri akusazioak ordaindu beharko lituzkeela iritzi dio, hark abiatu zuelako prozedura guztia.
Goierriko auzipetuen lehen inpresio pertsonalak (balorazio orokorra 16:00etan egingo dute, prentsa agerraldi batean):
Miren Josu Aranburu:
«Sineskaitza egiten zait oraindik ere. Epaiketaren atzetik, egon izan garenean, epaia nondik nora joan zitekeen pentsatzen aritu gara. Instituzioari krisketa jarriko ziotela pentsatzen nuen, eta hori justifikatzeko kondenak egongo zirela. Ez nuen espero epai hau».
«Epaiketa bat judizialki irabazita dagoenean, benetan zeren menpe dagoen ikusten duzu; epaiketa politikoa izan dela, erabaki politikoaren menpe, eta horrek sortzen dizkizun zalantza horiek…»
«Hala ere orindik ere ez naiz guztiz jabetu gertatutakoaz, bihartik aurrera hasiko naiz sinesten… hankan jarri ziguten bola kendu digutela eta ibiltzen hasi naizela sentitzen dut nolabait. Maila orokor batean itxaropentsu nago orain»
Joseba Garmendia
«Berri ona da. Polizia eta Auzitegi Nazionala jazarpen pertsonalak egiteko erabili dela frogatu da, horietako batzuetan espetxealdiarekin gainera. Defentsaren tesia zuzena dela erakutsi da; Udalbiltza zilegizkoa dela eta ez dagoela gelditzerik. Oso gustora eta lasaitasun handiagoarekin nago orain. Eta lanerako gogoz, hori beti. Sendo.»
‘Udalbiltza auzian’ auzipetu eta iaz epaitu zituzten Urko Irastorza lazkaotarra, eta Joseba Garmendia eta Miren Josu Aranburu urretxuarrak absolbitu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, auzi berean epaitutako beste 17 kideak bezalaxe. Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak ez du deliturik ikusi haien jardun politikoan. Fiskalak 10na urteko kartzela zigorra eskatzen zuen epaitu guztientzat, eta Dignidad Y Justicia elkarteak, berriz, 14 eta 23 urte arteko espetxe zigorrak.