Perura dirua bidaltzeko maratoi solidarioa antolatu du Bioqirosek
Bioqiros zentroak maratoi solidarioa egingo du larunbatean. Sanazio pranikoko saioak egingo dituzte eta saio horietan bildutako dirua Peruko Cusco eskualdeko Otari Nativo herriko haurrei eta emakumeei laguntzeko erabiliko dute. Igor Gutierrezek azaldu...
Bioqiros zentroak maratoi solidarioa egingo du larunbatean. Sanazio pranikoko saioak egingo dituzte eta saio horietan bildutako dirua Peruko Cusco eskualdeko Otari Nativo herriko haurrei eta emakumeei laguntzeko erabiliko dute. Igor Gutierrezek azaldu duenez, “Cusco eskualdeko haurren eta emakumeen egoera oso larria da, inguru hori alarma egoeran baitago narkotrafikoagatik. Haurrak gudarako hezten dituzte eta tratu txarrak jasaten dituzte. Berdin emakumeek ere, tratu txarrez gain sexu erasoak ere jasaten baitituzte”. Eraso horiei guztiei erantzun ahal izateko bi ordu eta erdira dagoen alboko herrira joan behar dute salaketa jartzera, baina horretarako dirurik ez dutenez ez dira joaten.
Bioqiros zentroko Ainhoa Garcia terapeuta Cuscon egon zen iaz, eta bertan bizitako egoerak kezkatuta maratoia antolatzea erabaki zuen. Sanazio praniko saioak antolatu dituzte, eta saio horietan parte hartzeagatik 30 euro ordaindu beharko dira. Saio horietan jasotako dirua fondo baten gordeko dute Perura bildatzeko. Sanazio pranikoa eskuen bitartez energia kanalizatzean datza, terapeutak bere eskuak erabiliz gaixoaren energia orekatu egiten du.
Jostailuak eta eskola materiala
Maratoian parte hartu ezin dutenei eta ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenei zuzenduta kontu korronte bat ere ireki dute Bioqiros zentrokoek. Haurrentzako jostailuak ere bilduko dituzte eta eskola materiala ere bai, Otari Nativoko Wawa Wasi eskola hornitzeko.